Landa eremuko erizaintzako langileek bultzatuta, hilaren 27an, greba egingo dute osasun zentroetan. Osakidetzako zuzendaritzak lehen mailako osasun arretaren kalitatea murrizteko saiakera salatu du Merche Larrinbe Alonso Espejoko erizainak, eta ezarri nahi zaizkien lan zama berriak negoziatu gabe martxan jarri nahi izatea deitoratu du. "Lehen mailako osasun arretaren oinarriak apurtzen ari dira". Hilaren 22an, Gasteizen, osasungintza publikoaren alde, 12:00etan, egingo den manifestazioan ere parte hartuko dute landa eremuko osasun langileek
Egindako eskakizunen aurrean erantzunik jaso al duzue Osakidetzaren aldetik? Bilerarik egin al duzue?
Ez. Orain arte ez dugu bilerarik izan zuzendaritzarekin. Badakigu langileen batzordeak, martxoaren 7an, bilera bat eskatu zuela zuzendaritzarekin, baina nik dakidala ez da erantzunik egon. Zuzendaritzak lehen bilera bat egin zuen osasun zentroetan, eta esan zuen gauza bakarra izan zen hemendik aurrera premisa izango zela txandaka lan egingo genuela, eta hortik aurrera proposamenak egin genitzakeela.
Landa eremuko erizainak lurralde osoan txandaka lan egitea nahi du Osakidetzak. Zergatik?
Osakidetzako zuzendaritzak jarri duen aitzakia da lanpostuak egonkortu behar direla, eta horrek landa eremuko egoera guztia aldatzen duela. Gu ez gaude lankideen egonkortze prozesuaren kontra; urte luzez modu prekarioan lanean ari diren lankideak dira eta ongi etorriak dira; baina Osakidetzak ezin du asteburuak kubritzeko sortu ziren lanpostu horiek, behar bati erantzuteko sortu zirenak, beste edozertarako erabili. Horretan talka egiten du gure lan eskubideekin. Gainera, gogoratu behar dugu egonkortzea Osakidetzak urte luzez egin duen iruzur baten ondorioa dela; eta Europak belarritik tira egin dionean, behartu duenean lanpostu horiek egonkortzera, orduan hasi dela mugitzen. Dena den, uste dugu erabakiak ez duela zerikusirik egonkortze prozesuarekin.
"Larunbat honetan, manifestazioa deitu du Arabako Osasun Publikoa Aurrea plataformak, eta horretan egongo gara"
Aspalditik datorren asmoa da orduan?
Osasun sailburuak berak esan zuen, duela gutxi, erizaintzaren eredua aldatu behar dela, eta funtzio gehiago eman behar zaizkiola. Denbora luze daramate, adibidez, Autolimitazio Arineko Prozesua (AAP) martxan jarri nahian. Plan horren arabera, erizaintzak, egoera batzuetan, pazienteak tratatu eta diagnostikoa emango luke, berez sendagileei soilik dagokien lana ordezkatuz. Landa eremuko lankide medikuak ez daude ados plan horrekin, haien lan eremua dela uste dutelako. Bestalde, jakin izan dugu landa eremuko etengabeko arreta gune batzuetan ez dagoela medikurik, Amurrion adibidez, eta, asteburuetan, medikua behar dutenean, Arabako iparraldeko errefortzuko medikua bidaltzen dutela, baita erizaina ere; eta Zuia, Gopegi, Izarra… zonalde handi hori medikurik gabe geratzen da.
Zer arazo ikusten diozue txandakako sistemari?
Lehen mailako osasun arretaren oinarriak apurtzen ditu. Egun, erizainak eta medikuak osatutako tandem batean lan egiten dugu, oinarrizko osasun zonalde bakoitzean, eta harreman zuzena dugu gaixoekin. Harreman hurbila dago, gaixoek oso ondo baloratzen duten jarraipena egiten dugu; eta txandakako sistemarekin hasten bagara, tandem hori apurtuko da, eta oinarrizko jarduera eremu hori desagertuko da. Lehen mailako arretaren funtsa hurbiltasuna da, jarraipena, herrietan erreferentzia gara, eta hori desagertuko da, arretaren kalitatea ez da gaurkoaren antzekoa izango.
Eta pazientearen ikuspuntutik?
Despertsonalizazioa. Guk pazienteak oso ondo ezagutzen ditugu, etxez etxeko bisitak egiten ditugu, herrietan asko lan egiten dugulako etxean bertan; adineko jende asko dago, eta ziurtatzen dugu botikak behar bezala hartzen dituztela, zainduta daudela… Hilabetean behin egiten ditugu etxez etxeko bisitak eta astean behin telefonoz deitzen diegu.
Medikuak landa eremuko osasun zentroetatik kendu nahi dituztela ohartarazi duzue.
Hala da. Bai. Osakidetzak arazo oso handia du, baina bilatutako arazoa da. Prestakuntzan dauden medikuen kopurua ez handitzeko estrategia ez da bat-batean, Covida bezala, etorri zaigun gauza bat; hori aspaldi konpon zitekeen, Osakidetzak ondo baino hobeto baitaki arazoa izango duela medikuak denak batera erretiratzeko adinera iristen direnean. Orduan, hori bilatutako zerbait da.
Zergatik nahiko luke Osakidetzako zuzendaritzak zerbitzua pobretu?
Telebista jartzen baldin baduzu eta aseguru pribatuen kanpainak ikusten baldin badituzu, argi ikusten duzu. Ondo funtzionatzen duen zerbitzu bat hondatzen baduzu, jendeak beste zerbait bilatuko du arazoak konpontzeko. Adibide bat, astelehen goizean, neska bat etorri zen osasun etxera; lan kontuengatik Espejon dago, baina beste toki batekoa da, eta bere osasun etxera deitu zuen gernu-infekzioa zuelako, baina bertan esan zioten medikuak ostirala arte ezin zuela artatu. Astebete gernu-infkezio batekin! Zer eboluzio izan dezake? Nire lankide batek ere esaten zidan lotsa ematen diola deitzea jendeari, ginekologiarako eman dioten lehen kontsulta 2024ko urtarrilerako delako. Lehen mailako osasun arretarekin berdin egin nahi dute, jendeak alde egiteko, pribatuetara joateko. Beste azalpenik ez dago, ez dugu ulertzen zergatik ondo funtzionaten duen zerbizua eten nahi duten.
"Grebara iristea gogorra da, baina egitea erabaki baina beste erremediorik ez zaigu geratzen"
Babes handia lortu duzue herriz herriko kontzentrazioetan eta sinadura bilketarekin.
Ez genituen horrenbeste sinadura espero, eta oso pozik gaude. Erizainen kolektiboak bultzatu du ekimena, baina beste sektoreetako lankideak ere gurekin gaude, medikuak, administratiboak, eta batez ere herrietako bizilagunak baita zenbait udal ere.
EAJko alkateak ere izan dira mobilizazioetan.
EAJko alkateek beraiek ikusten badute hau ez dagoela ondo…, nik dena berrikusiko nuke.
Apirilaren 27an greba deitzea erabaki duzue. Zergatik?
Grebara iristea gogorra da, baina egitea erabaki baino lehen alde on eta txar guztiak aztertu ditugu, eta beste erremediorik ez zaigu geratzen; beste erremediorik geratzen ez zaigulako egiten dugu. Ez dugu diru gehiago eskatzen, izan ere sistema berriarekin diru gehiago kobratuko genuke, baina Osakidetzako zuzendaritzarekin ez dago hitz egiteko modurik, dena da inposizioa. Izan ere, egutegiak inposatu nahi dituzte, langileekin negoziatu gabe. Zirkular bat bidali dute hainbat osasun etxetara, maiatzaren 2tik aurrera indarrean jarri nahi duten egutegiarekin, eta hitzez hitz esaten dute bilera bat deitu behar dela haiek zehaztutako gai ordenarekin, eta erizain bakoitzari bere egutegia entregatuko zaiola. Zer negoziazio mota da hori? Ederki. Bada, bilera batera deitzen badiguzue eta niri egutegi bat eskura ematen badidazu, nik sinatuko dizut eta jarriko dut ez nagoela konforme, ez baita nirekin negoziatu, nire lan eskubideak urratuz.
Greba egunaren mobilizazioak zehaztu dituzue?
Herriz herri mobilizazioak egingo ditugu, eta kontzentrazioak ere; Gasteizen, Txagorritxun, zuzendaritza bertan dagoelako, 12:30ean kontzentrazioa egingo dugu; eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 13:30ean. Gainera, larunbat honetan, apirilaren 22an, manifestazioa deitu du Arabako Osasun Publikoa Aurrea plataformak, eta horretan ere egongo gara.