"Eusko Jaurlaritzako arduradunen utzikeria, zabarkeria eta bat-bateko kudeaketa" salatu du Osasun Publikoa Aurrera plataformak, ostegun honetan egindako prentsaurrekoan. "Osasun planez mozorrotutako desegite planek bizilagunok jasotzen dugun lehen mailako arretan hutsune asko eta handiak sortzen dituzte: auzoak osasun zentrorik gabe; pediatriarik gabe, ezta EAG pediatrikorik ere; familia medikurik gabe; aurrez aurreko arretarik gabe; etengabeko arretaren bermerik gabe; arreta espezializaturako eta kirurgiarako hilabeteetako itxaron-zerrenda luzeak; larrialdi zerbitzurik gabe; komunitate osasunik gabe".
Plataformaren ustez, "osasun pribatuko enpresen kontuak gizentzen" dituzte, arreta denbora duinak izateko herritarrak "ordaintzera bultzatuz". Hortaz, "ordaindu dezaketenen eta ordaindu ezin dutenen artean aldea eragiten" dela deritzote.
Horren aurrean, plataformaren batzarretan manifestatzeko "beharra eta adostasuna" sortu da, eta apirilaren 22an manifestazioak egingo dira lau hiriburutan, Hego Euskal Herriko beste hamar herri plataformekin koordinatuta: BOPA Barakaldo, DOPA Donostia, Erandio herri plataforma, Gora Deustu, Izartu Mungialdea, Leioan Bizi plataforma, Zumarragako 24/7, Algortako Osasun Publikoa Aurrera!, Tolosako TOPA eta Zornotzako ZOPA.
"Herritarrei zein langileei tratu txarrak emateaz nazkatuta gaude", salatu dute, Osasun Saileko arduradunen, Arabako ESI eta Arabako Osasun Mentaleko kudeatzaileen dimisioa eskatuz. "Osasuna sustatzeko lan egiten duten pertsonak nahi ditugu Osakidetzako buru gisa. Ez gure gaixotasuna eta heriotza saltzen dituztenak. Ez dugu gure kontura etekinak kontabilizatzen duen enpresarik nahi, ezta Osakidetza enpresa pribatu bat balitz bezala kudeatzen duen politikaririk ere".
"Herri gisa dugun betebeharra delako gaude hemen", gaineratu dute. "Gure familien eta komunitatearen osasuna delako. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu osasuna, oinarrizko eskubide bat dena, kentzen diguten bitartean. Horregatik, jende guztia gonbidatu nahi dugu gure aldarrikapenen alde, berriro kalera atera dadin; plataformak antolatutako auzoetako solasaldietara joatera; eta lehen mailako arreta itzul diezaguten borrokatzera. Horrek guztiak guztioi eragiten digu. eta indarrak batuz soilik gelditu dezakegu".
Hurrengo asteetan, kolektibo, auzo elkarte eta sindikatuekin harremanetan jarriko dira, "ahalik eta atxikimendu gehien" lortze aldera.