Joan den astean aurkikuntza arkeologiko garrantzitsu bat atera zen argitara AHTaren obretan, Tresponde eta Jundiz artean: erromatar galtzada zati bat eta herrixka neolitiko bat aurkitu dituzte bertan. Zehazki, Astorga eta Bordele lotzen zituen Iter XXXIV erromatar galtzadaren zati bat eta K. a. 3000. urteko herrixka neolitiko bat.
Laster, datozen asteetan, martxan dauden AHTaren obrek —kasu honetan, Madril, Burgos eta Gasteiz lotzeko trazadura eraikitzeko— aztarnategia lurperatuko dute. Lehenago, baina, erlojuaren kontra ari dira arkeologoak agertutako aztarnak aztertzen eta dokumentatzen. Asteburu honetan, ate irekien jardunaldiak egin ditu Qark Arqueología taldeak, larunbatean eta igandean. Aztarna arkeologikoen inguruko azalpenak eman dituzte, eta jende andana bertaratu da entzutera.
Horrekin batera, hitzordua baliatu du makro-proiektuen aurkako Araba Bizirik plataformak obretan bertan elkarretaratze bat egiteko. "Aurkikuntza lurperatzeko asmoa dute, trenbide plataforma berri bat eraikitzeko, egungo trenbidetik metro gutxira", kritikatu dute. "Egungo trenbidea hobetu beharrean, kostu ekonomikoa eta lurraldearen gaineko eragina askoz ere txikiagoak izanik, milaka milioi euro xahutu nahi dituzte, lurraldea eta ondare historiko eta kulturala txikituz".
Horren aurrean, obrak "berehala" gelditzea eta "tarte berririk ez lizitatzea" exijitu du Araba Bizirik plataformak, "gure ondare kulturala eta historikoa zainduz". Egungo bideak egokitzeko eta hobetzeko azterketa egin dezala eskatu diote Espainiako Gobernuari, 2022ko aurrekontuetarako onartutako aurrekontu partida abian jarriz eta alternatibaren azterketa kontuan hartuz.
Egungo trenbideak egokitzea
Gogora ekarri dutenez, orain dela bi urte, egungo trenbide azpiegiturak hobetu eta egokitzearen alde eta AHTarentzako trenbide berri bat ez eraikitzearen aldeko akordioa aurkeztu zuten Araba, Nafarroa eta Burgosko trenaren aldeko plataformek, Adif eta Renfeko sindikatuekin batera. Akordioaren ostean, 2022ko azaroan, AHTaren ordez Burgos-Gasteiz-Iruñea-Castejon tarteko trenbideak egokitzeko azterlana aurkeztu zuten.
Bide, ubide eta portuetako hiru ingeniarik diseinatu dute proiektua, eragindako kontzejuen eskariak jasotzen ditu, salgaien eta pertsonen garraio mistorako erabil daiteke, abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua zein eskualdeko trenak barne hartuko lituzke, eta, AHTaren aurkako plataformek azpimarratu dutenez, Garraio Ministerioaren proposamenak baino "2.000 milioi euro gutxiagoko" kostu ekonomikoa izango luke. Halaber, tren lasterrentzako bidaia denborak "10 eta 8 minutu baino ez" lirateke luzatuko Burgos-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea ibilbideetan.