El Correo egunkariak argitaratu duenez, Qark Arqueología taldeak bi aurkikuntza egin ditu Tresponde eta Jundiz artean, AHTaren obretako indusketa lanetan. Alde batetik, Araban ezagutzen den erromatar biderik handienetako baten (Iter XXXIV) zati bat atera da argitara; galtzada horrek Astorga eta Bordele lotzen zituen, eta Arabatik igarotzen zen: Gasteizko mendebaldetik, Mariturri, Iruña-Veleia, Deobriga (Miranda Ebro), Burgos, Leon eta Astorga lotzen zituen; ekialdetik, berriz, Arkaia, Dulantzi, Iruñea eta Bordele.
Bide hori aurretik ezagutzen zen, eta argitara ateratzea espero zen, baina ezusteko beste aurkikuntza bat egin dute arkeologoek: kontserbazio egoera onak eta aurkitutako konponketa elementu batzuk agertu izanak aukera emango dute noiz eraiki zen eta noiz arte mantendu zen datatzeko.
Aurkitutako tarteak 95 metroko luzera eta 4 metroko zabalera ditu. Geruzarik sakonenean, terra sigillata motako buztina dago; arkeologoen esanetan, horrek aukera emango du eraikuntza "25 urte gorabeherako zehaztasunarekin" datatzeko.
Herrixka neolitikoa
Bestalde, galtzada zatiarekin batera, K. a. 3000. urteko herrixka bat agertu da, erromatarrak iritsi baino lehenagokoa, Neolito garaikoa; Harri Aroko azken arokoa, alegia. Bertan, biltegiratzeko 20 silo inguru, su-hondarrak zituzten zortzi labe polinesiar eta etxolak eraikitzeko zutoin-zulo batzuk aurkitu dituzte, baita esku-errotak, zeramika eta ikatzak ere.
AHTaren obrak
Laster, datozen asteetan, martxan dauden AHTaren obrek —kasu honetan, Madril, Burgos eta Gasteiz lotzeko trazadura eraikitzeko— aztarnategia lurperatuko dute. Lehenago, baina, erlojuaren kontra ari dira Qark Arqueología enpresako arkeologoak agertutako aztarnak aztertzen eta dokumentatzen.
Horrez gain, asteburu honetan, larunbat eta igandean, apirilaren 1ean eta 2an, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte bertan, 11:00etan, Rafael Varon Hernandez adituaren eta Qark-eko arduradunen eskutik; sarrera librea eta doakoa izango da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Biltzeko puntua indusketa gunearen sarrera da, Margaritako errepidean, Jundiz industrialdea Tresponde herriarekin lotzen duen A-4302 bidean.