Tren publiko eta sozial baterako azterketa eta proposamen teknikoa aurkeztu dute gaur Arabako, Nafarroako eta Burgosko Tren Publiko eta Sozial Baten Aldeko plataformek. Guztira, gaur egungo 270 kilometroko trenbideko linea zuzentzea eta modernizatzea proposatzen du azterketak, Burgos eta Nafarroa artean, Araban zehar.
"Gaur aurkezten dugun proposamenak askoz eragin txikiagoa dauka obra berriek eragiten dituzten kalte sozial eta ingurumenekoei erreparatuz gero. Honetaz gain, eskualde mailako salgaiei eta biztanleei zerbitzua ematen die. Hau gutxi balitz, gaur egungo azpiegiturak sortzen dituen hainbat hesi fisiko, arazo urbanistiko, zarata, etabar zuzentzen ditu", esan dute aurkezpenean.
Proposamenaren zutabe garrantzitsuenetako bat da merkantziak errepidetik trenbidera aldatzeko baldintzak erraztea, eta azpiegituraren erabilera trafiko mistorako optimizatzea. Gainera, trenbidea mota guztietako bidaiarien zerbitzura jartzen du, eta arreta berezia jartzen da geralekuak eta geltoki zaharrak modernizatu eta berriz irekitzean. Halaber, trenbideak hirietan eta herrietan eragiten dituen kalteak arintzeko alternatibak proposatzen dira, lurperatzeak barne.
Obrak geldiarazteko premia
Sakonago garatu beharko den konponbide baterako "aurretiazko diseinua" dela adierazi dute txosten teknikoa osatu duten Kimetz Munitxa Etxeberria, David Andres Barandika eta Ignacio Rubin Orozko Bide Ubide eta Portuetako ingeniariek. Halere, egileen esanetan, kostuen eta onuren inguruan egindako azterketak argi erakusten du "tren sozial baten proposamena, bai ingurumen mailan, bai gizarte eta ekonomia mailan, indarrean dagoen proposamena baino komenigarriagoa" dela.
Hortaz, gaur egun abian diren azterlanak eta obren aurrerapenak "geldiarazi eta birpentsatu" behar direla esan dute. Hartara, egun, indarrean dagoen abiadura handiko bidaiarientzako trenbidearen zenbait zati eraikitzeko luzamendua proposatu dute: "Planteamendua egokia da soilik abiadura handiko ibilbide ertain eta luzeko trenentzat, eta ez ditu kontuan hartzen salgaien trafikoa modernizatzea eta aldiriko edo eskualdeko zerbitzuak hobetzea. Gainera, ez ditu konpontzen egungo trenbidean dauden gabeziak eta arazoak".
"Trafiko mistorako tren publiko eta sozialaren alternatibak 1.954 milioi euroko kostua aurreikusten du"
%45 merkeagoa
Gasteizko tren geltokiaren aurrean aurkeztu duten proiektuaren abantailak banan-banan zerrendatu dituzte txostenean ingeniariek. Inbertsio global txikiagoa da lehena: "Guztira, trafiko mistorako tren publiko eta sozialaren alternatibak 1.954 milioi euroko kostua aurreikusten du, eraiki nahi diren abiadura handiko lineak baino %45 merkeagoa, prezioen oinarri berberekin". Zehaztu dutenez, aurrekontu horretan ez daude sartuta Gasteizen, Iruñean eta Miranda Ebron trenbidea integratzeko egin beharreko lanak.
Bestalde, abiadura handiko linea berri batek baino ingurumen inpaktu askoz ere txikiagoak izango lituzkeela azaldu dute, dagoeneko eraikita dagoen korridore batetik joango baita. "Kasu batzuetan, gainera, inpaktu positiboak egon daitezke, hala nola planteatutako lurperatzeak, ibai-ibilgu batzuen trazaduratik urruntzea, fauna-pasabideen eta tunel faltsuen zeharkako iragazkortasuna hobetzea…". Era berean, nabarmendu dute egungo trenbidearen trazadura erabiltzeak linea berria gauzatzeko eta martxan jartzeko epe laburragoak izatea ekarriko duela.
Abiadurari dagokionez, Espainian abiadura handia bezala ezagutzen denaren pareko gehieneko abiadurak dituen ibilbidea, eta beste herrialdeetako abiadura handiko sareena proposatzen dute: Austria (230 k/h), Suedia, Suitza eta Polonia (200 k/h) eta Finlandia (220 k/h). Bidaien denborari dagokionez, Burgos-Gasteiz arteko bidea 40 minututan egingo litzateke, eta Gasteiz-Iruña, berriz, 38 minututan. "Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioak bere azterketa informatiboan bi tarte horientzako 30 minutu planteatzen ditu. Beraz, bidaien denbora aldea hamar minutukoa litzateke Burgos-Gasteizko bidaiarentzako eta 8 minutukoa Gasteiz-Iruñearentzako".
Trenbidearen erabileraren inguruan ere hausnarketa egin du ingeniarien taldeak, eta azpimarratu dute distantzia luzeak egiten dituzten bidaiariak Nafarroan, Araban eta Burgosen ez direla iristen pertsonen mugikortasun osoaren %1era.
Gasteizko aurkezpenean, bestalde, proiektua aurrera egiten lagundu duten pertsona guztiei bere ekarpena eskertu die Arabako, Nafarroako eta Burgosko plataformak."Crowdfunding bidez ekarpena egin dutenek, txosnetako txandetan aritu direnek eta beste hamaika jardueretan parte hartu dutenek proiektuak kostatu dituen 16.000 euroak lortzea ahalbidetu dute. Lan bikain hau ahalbidetu duten hiru ingeniariei ere, gure eskerrik zintzoena", esan dute.