AHTaren aurkako plataformek egungo trenbideak egokitzea exijitu dute Batzar Nagusietan

Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 19:30

Tren sozialaren aldeko plataformen elkarretaratzea, Batzar Nagusietan. / Argazkia: AHTrik Ez

Tren sozialaren aldeko plataformek AHTaren obrak eta lizitazioak gelditzea exijitu dute Batzar Nagusietan, alderdi guztiei egungo trenbideak garraio mistorako egokitzeko proposamenarekin bat egitera deituz.

Ostegun honetan, Tren Publiko eta Sozialaren aldeko Arabako plataformek agerraldia egin dute Batzar Nagusietan. Bertan, Espainiako Gobernuko Garraio Ministerioak Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Castejon lotzeko proposatutako trazadura berrien —AHTarentzako bakarrik— alternatibari buruzko azterlana aurkezteko.

Azterlan tekniko alternatiboa egungo trenbideen egokitzapenean oinarrituta dago, eta AHTak eragindako kontzejuen eskariak jasotzen ditu; plataformek azpimarratu dutenez, "Ministerioak proposatutakoa baino 2.000 milioi euro gutxiagoko kostu ekonomikoarekin". Gainera, herri plataformez gain, Adifen eta Renfen ordezkaritza duten sindikatu guztien (UGT, CCOO, CGT/LKN, SF, SEMAF) babesa du "konponbide erreal eta teknikoki bideragarria" helburu duen proposamenak.

Batzar Nagusietan defendatu dute alternatiba horrek "abantaila handi bat" planteatzen duela: "Salgaien eta pertsonen garraio mistorako erabil daiteke, eta abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzua zein aldiriko eta eskualdeko trenak ere barne hartuko lituzke, eskari guztia trenbide plataforma bakar batekin betez".

Horrez gain, ziurtatu dute Burgos-Gasteiz eta Gasteiz-Iruñea tren lasterrentzako bidaia denborak "10 eta 8 minutu baino ez" direla luzatuko, hurrenez hurren: "Trukean, ibilbide osoko geltoki eta geraleku guztiak hobetu eta berreskuratu daitezke", azaldu dute. "Gaur egungo trenak herrietatik igarotzeak hobera egingo luke segurtasunari dagokionez, eta lurperatzeak ere planteatzen dira, hiri-integrazio hobea lortzeko".

Alderdien esku

Tren sozialaren aldeko plataformek talde politiko guztiei eskatu die "alternatibaren aldeko jarrera har dezatela eta bere egin dezatela". Izan ere, beraien ustez, "konponbide tekniko bat izanik, borondate politikoa baino ez da behar gure herriei kalitatezko tren zerbitzua emateko eta lurraldea egituratzeko, ingurumenean ahalik eta eragin txikienarekin".

Bestalde, deitoratu dute Adifek ez duela oraindik gauzatu Burgos, Gasteiz, Iruñea eta Castejon arteko trazadura egokitu eta modernizatzeari buruzko azterlana, 2022ko urtarrilean Garraio Ministerioak 200.000 euroko aurrekontu partida bat bideratu zuen arren.

Obrak eta lizitazioak, martxan

Abiadura Handiko Trenak bakarrik erabiliko lukeen trenbide plataforma berri bat eraikitzeko obrak eta lizitazioak gelditzea exijitu dute. "Egungo trenbideak egokitu eta modernizatzeko azterlana aurrera eramatea" eskatu dute, baita "tren sozialaren aldeko plataformek aurkeztutako eta eragindako herri guztiek babestutako azterlana oinarritzat hartzea" ere.

Azkenik, kritikatu dute Jundizko AHTaren obrek Astorga eta Bordele lotzen zituen galtzada erromatarraren (Iter XXXIV) Arabako zatirik handiena eta duela 5.000 urteko herrixka neolitiko bat lurperatuko dituztela: "Lanak gelditzeko eskakizunak zentzu handiagoa du gaur, atzoko albistearen ondoren".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago