Astelehenean foru hauteskundeei begirako EITB Focus inkestaren azken emaitzak plazaratu ostean, asteartean udal hauteskundeen aurreikuspenak kaleratu ditu EITB taldeak; oraingoan, Arabari dagokionez, Gasteiz, Laudio eta Aguraingo boto asmoa aztertuz.
Bi hilabete baino ez dira falta udal eta foru hauteskundeetarako, eta EITB Focusen aurreikuspen orokorra da EAJk irabaziko lukeela Bilbon, Gasteizen eta Donostian, Iruñean UPN eta EH Bilduren arteko lehia estua egongo litzatekeen bitartean. Arabako hiru udalerri nagusiei dagokienez, berriz, EAJren nagusitasuna zalantzan egon liteke, bereziki Agurainen; Gasteizen eta Laudion EAJ lehen indarra litzateke boto kopuruan, baina eserleku kopuruan jeltzaleen eta subiranisten arteko berdinketa gerta liteke.
Gasteizen, Artolazabal nagusi
Boto asmoari buruzko EITBren inkestaren arabera, Arabako hiriburuan Beatriz Artolazabal EAJko alkategaiak gainditu egingo lituzke Gorka Urtaranen orain arteko emaitzak, 2019an baino zinegotzi bat gehiago lortuta (7tik 8ra); EH Bildu bigarren lekura igoko litzateke, eserleku kopuruari (6) eutsita; PSEk zinegotzi bat galduko luke (6tik 5era); eta PP (5) eta Elkarrekin (3) taldeek ere eserleku kopurua mantenduko lukete.
Hala ere, bi zinegotzi jokoan egon litezke: EAJk eta Elkarrekinek aurreikusitakoa baino eserleku bat gutxiago lor lezakete; eta EH Bilduk eta PSEk aurreikusitakoa baino bat gehiago. Honakoa litzateke botoen ehunekoaren eta eserleku kopuruaren bilakaera duela lau urteko emaitzekin alderatuta:
*OHARRA: Zenbait kasutan, 2023an aurreikusitako eserleku kopurua zalantzan dago, zinegotzi bat gehiago (+1) edo bat gutxiago (-1) izan daitekeelako
ALDERDIA | 2019 | 2023 | Eserlekuak 2019 |
Eserlekuak 2023* |
EAJ | %23,8 | %25,6 (+1,8) | 7 | 8 (-1) |
EH Bildu | %20,7 | %22,3 (+1,6) | 6 | 6 (+1) |
PSE-EE | %21,5 | %19,2 (-2,3) | 6 | 5 (+1) |
PP | %18,6 | %18,3 (-0,3) | 5 | 5 |
Elkarrekin | %9,9 | %10 (+0,1) | 3 | 3 (-1) |
Vox |
%1,4 | %2,8 (+1,4) |
0 | 0 |
Laudion, azken zinegotzia jokoan
Aiaraldeko udalerri nagusira begira jarrita, EAJ eta EH Bilduren arteko lehia Gasteizen baino are estuagoa izango dela aurreikusi du EITB Focusek: jeltzaleek ordezkari bat gal lezakete (eta botoen %3,2), eta EH Bilduk bat irabaz lezake, sei eserlekurekin berdinduta; gainerako alderdiek (Omnia eta PSE), berriz, 2019ko emaitza bera errepikatuko lukete.
ALDERDIA | 2019 | 2023 | Eserlekuak 2019 |
Eserlekuak 2023* |
EAJ | %36,4 | %33,2 (+3,2) | 7 | 7 (-1) |
EH Bildu | %24,9 | %27,8 (+2,9) | 5 | 5 (+1) |
Omnia | %18,4 | %18,4 (=) | 3 | 3 |
PSE-EE | %10,5 | %10,1 (-0,4) | 2 | 2 |
PP |
%4,4 | %4,5 (+0,1) |
0 | 0 |
Elkarrekin |
%4,7 | %3,9 (-0,8) | 0 | 0 |
Agurainen, alkatetza EH Bildurentzat
EITB Focusek Araban aurreikusitako aldaketa nagusia Lautadan izango litzateke, EH Bilduk Aguraingo alkatetza eskuratuko bailuke, zazpi ordezkari lortuta eta EAJren boto kopurua gaindituz; jeltzaleek 2019an lortutako gehiengoa galduko lukete, zinegotzi bat galduta. Nolanahi ere, Aguraingo kasuan ere, lehia estua izango litzateke azken zinegotzia lortzeko.
ALDERDIA | 2019 | 2023 | Eserlekuak 2019 |
Eserlekuak 2023* |
EH Bildu |
%45,3 | %45,8 (+0,5) | 6 | 7 (-1) |
EAJ | %46 | %45,5 (-0,5) | 7 | 6 (+1) |
PSE-EE | %4,4 | %3,6 (-0,8) | 0 | 0 |
Metodologia
EAE osoko 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus berezi hau prestatzeko; horietatik, 1.543 Araban. Inkestak otsailaren 27tik martxoaren 17ra egin zituzten EAEn; Nafarroan, aldiz, otsailaren 22tik 27ra.