Astelehen honetan EITB Focus inkestaren azken emaitzak plazaratu ditu EITB taldeak, gaurkoan EAEko foru hauteskundeei begira. Horren arabera, EAJk indartu egingo luke bere gehiengoa hiru lurraldeetan eta EH Bilduk ere hazkundea izango luke; PSE-EE, Elkarrekin koalizioa eta PP, berriz, jaitsi egingo lirateke, batzarkide bana galduz.
Bi hilabete baino ez dira falta udal eta foru hauteskundeetarako, eta Arabako Batzar Nagusien kasuan honako hauek dira gaurko EITB Focusen aurreikuspenak —udal hauteskundeenak asteartean argitaratuko dituzte—:
- EAJ: 19 eserleku (botoen %31,7). 2019ko emaitzak (17) hobetu egingo lituzke, bigarren indarrarekiko aldea areagotuta, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak hirugarren agintaldia lortuko luke azken legegintzaldiko akordioak errepikatuko balira.
- EH Bildu: 13 eserleku (botoen %23,6). Bigarren indar gisa, koalizio abertzaleak hazkunde handiena izango luke: 2019an (12) baino eserleku bat gehiagorekin, eta botoen %2,5 puntu gehiagorekin.
- PSE-EE: 9 eserleku (botoen %18). 2019an baino puntu bat gutxiago, eta eserleku bat galduko luke, hamargarrenari eusteko aukerarekin (azken diputatu hori zalantzan dagoelako, EAJ, PSE, PP eta Vox-en arteko lehian).
- PP: 7 eserleku (botoen %13,8). 2019ko emaitzekin alderatuta (8), eserleku bat galduko luke alderdi popularrak, eta boto-portzentajean 1,3 puntuko jaitsiera izango luke (%15,1etik 13,8ra).
- Elkarrekin: 3 eserleku (botoen %8,6). Podemos Euskadi, Ezker Anitza-IU, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdiek osatutako koalizio ezkertiarraren kasuan, eserleku bat galduko luke (2019an lau lortu zituen), eta botoen %1,4 gutxiago lortuko luke.
- Vox: eserlekurik gabe (botoen %2,4). Alderdi ultraeskuindarrak gertu izango luke lehian dagoen azken eserlekua lortzea, baina printzipioz ordezkaritzarik gabe geratuko dela aurreikusi du EITB Focusek.
Hautagaien balorazioa
Bestalde, EITB Focusek hautagaien ezagutza maila eta balorazioa aztertu ditu:
- Iñaki Oyarzabal (PP): Arabako hautagai ezagunena (herritarren %58,1ek ezagutzen baitute), baina balorazio txarrenetakoa ere badu (3,1eko batez besteko notarekin.
- Ramiro Gonzalez (EAJ): bigarren hautagai ezagunena (%55,4), eta 5,6ko nota.
- Cristina Gonzalez (PSE): %42,85eko ezagutza eta 4,9ko nota.
- Eva Lopez de Arroyabe (EH Bildu): ezagutza aldetik laugarren hautagaia den arren (%39,5), balorazio onena du 5,8ko notarekin.
- Amaia Martinez (Vox): %34,5eko ezagutza eta 1,4ko nota.
- David Rodriguez (Elkarrekin): %30,4ko ezagutza eta 4,3ko nota.
Metodologia
EAE osoko 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus berezi hau prestatzeko; horietatik, 1.543 Araban. Inkestak otsailaren 27tik martxoaren 17ra egin zituzten EAEn; Nafarroan, aldiz, otsailaren 22tik 27ra.