Berlin konkistatu du '20.000 especies de abejas' film arabarrak

Erredakzioa 2023ko ots. 27a, 11:00
Sofia Otero aktorea eta, eskuinean, Esti Urresola zuzendaria. / Argazkiak: BERLINALE

Esti Urresola laudioarraren 20.000 especies de abejas filmak Interpretazio Protagonista Onenaren saria (Sofia Otero), Publikoaren Saria eta Erakusleen Saria irabazi ditu Berlinalen.

Sail Ofizialean aritu eta arrakasta handia lortu du neska transexual baten istorioa kontatzen duen 20.000 especies de abejas film arabarrak Berlinale Berlingo Nazioarteko Zinemaldiaren 73. edizioan, larunbatean. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatu dute, eta izen handiko jaialdi baten sail ofizialean euskara entzun den lehen aldia izan da.

Esti Urresola (Laudio, 1984) zinemagileak idatzi eta zuzendutako lehen film luzeak, Sofia Otero, Patricia Lopez Arnaiz eta Itziar Lazkano aktore dituenak, hiru sari eskuratu ditu: batetik, Publikoaren Saria, Berliner Morgenpost egunkariak emandakoa; bestetik, Alemaniako Erakusleen Gilde Saria; eta, azkenik, Sofia Oterok jaso du Interpretazio Protagonista Onenaren saria, Kristen Stewart aktore estatubatuar ospetsuaren eskutik, Aitor deitzea nahi ez duen Coco neskatoaren paperean egindako lanagatik.

Zalantzarik gabe, 8 urteko aktore basauriarrak irabazitako Zilarrezko Hartza izan da asteburuko sorpresarik handiena eta hunkigarriena. Sofia Oterok talde teknikoari, epaimahaiari eta bere familiari eskaini die bere debutagatik lortutako saria, baita, besteak beste, Naizen Euskadiko Adingabe Transexualen Familien Elkarteari ere, filmaren dokumentazio lanetan eskainitako laguntzagatik. Inoiz Berlinalen interpretazio sari bat irabazi duen aktorerik gazteena da Otero.

 

Estreinaldia

Gariza Films eta Inicia Films ekoiztetxeen lanak mundu mailako estreinaldiarekin batera eskuratutako hiru sariek Urresolaren opera primaren banaketari lagunduko diote orain, nazioarteko prentsaren kritika onen zaparradaren ostean. Apirilaren 21ean zinema aretoetara iritsiko da.

2022ko udan zazpi astez filmatu zen Euskal Herriko hainbat tokitan, Laudion eta Hendaian, esaterako. Eta ia soilik emakumeek osatutako talde artistiko eta teknikoa duen filma da. Castingaren buruan Sofia Otero gaztea dago zineman egin duen lehen lanean, eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra (Emakumezko interpretazio onenaren Goya sariaren irabazlea Ane pelikulagatik), Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta ere ibili dira aktoreen artean.

TRAILERRA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide