Berlinalen lehiatuko da Esti Urresolaren '20.000 especies de abejas' pelikula

Erredakzioa 2023ko urt. 23a, 14:15
Apirilaren 21ean estreinatuko dute zinemetan '20.000 especies de abejas' pelikula.

Sail ofizialean arituko da Sofia Otero, Patricia Lopez Arnaiz eta Itziar Lazkano aktore dituen pelikula.

Esti Urresola zinemagile arabarrak idatzi eta zuzendutako lehen film luzeak, 20.000 especies de abejas, mundu mailako estreinaldia izango du Berlingo Nazioarteko Zinemaldiaren 73. edizioan, otsailaren 16tik 26ra bitartean ospatuko den jaialdian. Euskal Herrian apirilaren 21ean estreinatuko dute pelikula.

Lehen aldia da Berlinaleko 73 edizioetan euskal zinemagile batek bere Sail Ofizialean film bat estreinatzen duena. Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez filmatu dute, eta izen handiko jaialdi baten sail ofizialean euskara entzungo den lehen aldia izango da. Gariza Films (Nora, Akelarre, Cuerdas) euskal herritarak eta Inicia Films kataluniarrak (Estiu 1993, Las Niñas) ekoitzi dute, Sirimiri Films (Polvo Somos, Cuerdas) ekoiztetxearekin batera.

2022ko udan zazpi astez filmatu zen Euskal Herriko hainbat tokitan, Laudion eta Hendaian, esaterako. Eta ia soilik emakumeek osatutako talde artistiko eta teknikoa duen filma da. Castingaren buruan Sofia Otero gaztea dago zineman egin duen lehen lanean, eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra (Emakumezko interpretazio onenaren Goya sariaren irabazlea Ane pelikulagatik), Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Miguel Garces, Unax Hayden eta Andere Garabieta ere ibili dira aktoreen artean.

"Berlinen estreinatzea zoragarria da, espero ez nuen ametsa. Espero dut filma jende gehiagorengana iristea. Erleek bioaniztasuna bermatzen dute, eta filma aniztasunaren kantua denez, gauza asko kontatzen lagundu didate aldi berean, batez ere familiaren erlauntzaren irudiaren bidez", azaldu du Esti Urresolak, neska transexual baten istorioa kontatzen duen pelikularen inguruan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide