Martiodako erlikiak, 3Dn ikusgai

Erredakzioa 2023ko ots. 21a, 13:30

Tebastar Legioko Santu Martiriaren burezur erlikia. / Irudia: AFA

Sketchfab 3D atari digitalean ikusgai izango dira Martiodako erlikiak. Oraingoz multzoko piezarik ikonikoena dago plataforman ikusgai, baina pixkanaka erlikia gehiago igotzen joatea da Aldundiaren asmoa.

Sareko 3D ereduen bistaratzailerik onena da Sketchfab ataria, eta, orain, hiru dimentsioko ereduetan, formatu irekian eta edozein argitalpenetan estekatzeko moduan izango dira bertan Martiodako erlikiak, Arabako Foru Aldundiak sei urtez aztertu, kontserbatu eta zaharberritutako altxorra.

Momentuz irudi bakarra dago sarean: Tebastar Legioko Santu Martiriaren burezur erlikia, beharbada erakusketako ikonikoena, Martiodako Done Joan Ebanjelariaren parrokia elizatik etorria. XVII. mendearen bigarren laurdenekoa da, 1210,9 gramoko pisua du, eta 28 x 25 x 61 zentimetroko neurriak ditu.

Atari digitalak garezurrari buruzko hogei bat argibide biltzen ditu, oharkabean pasa daitezkeen materialak, deskribapen teknikoa eta xehetasunak ezagutzen laguntzeko. Denborarekin, informazio emari handiena duten erlikiak plataformara igotzen joatea da Aldundiaren asmoa. "Teknologia digitalak laguntza handia dira gure ondareko elementuak kontserbatzeko, dokumentatzeko, monitorizatzeko eta zabaltzeko", aldarrikatu du Ana del Val Kultura diputatuak.

Martiodako erlikiak aldi baterako izan ziren jendaurrean ikusgai, 2021eko maiatzaren 28tik 2022ko azarora arte. Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzua multzoaren erakusketa sistema iraunkor berri batean lanean ari da: "Horregatik, haiek ikusteko aukerarik ez dugunez, 3D hau dugu, hegaldi birtual batekin, askoz ere modu interaktiboagoan ikusten laguntzen diguna, eta xehetasun handiz", azaldu du Del Valek.

Erlazionatuak

Erlikiez harago doan altxorra

Juanma Gallego 2021 mai 30 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago