Erlikiez harago doan altxorra

Juanma Gallego 2021ko mai. 30a, 06:00
Forma eta material ugariz osatuta daude Mariodako erlikiak. ZAHARBERRIKUNTZA ZERBITZUA

Zaharberrikuntza Zerbitzuan bost urte eman ondoren, argia ikusi dute Martiodako erlikiek, datorren urtera arte zabalduta egongo den erakusketa baten bitartez. Hezurrak hirugarren mendean datatu dituzte; hortaz, atzean duten kondairaren garai berekoak dira. Datazioaren inguruan, baina, zuhurtzia eskatu dute adituek.

Tebasen (Egipto) jatorria zuen legionario erromatar kristauen legio oso bat akabatu zuen III. mendean Maximiano enperadoreak, Erromako jainkoak gurtzen ez zituztelako, eta kristauak hiltzeari uko egina ziotelako. Honaino, kondaira. Beste askoren artean, istorio horren aitzakiapean, erlikien merkatu oparoa abiatu zen Europan, bereziki Erdi Aroan. Ez zen bakarra, noski. Santa Urtsula eta hamaika mila birjina martirren inguruan ere beste kondaira bat eratu zen. Bada, bi istorio horiei lotutako erlikia multzo garrantzitsua Martiodako elizan gordeta izan da 2015. urtera arte. Eliza desakralizatua egonda, eta Diputazioaren jabetzakoa izanik, data horretan, Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzura eraman zituzten, bertan ikertu, kontsolidatu eta lehengoratu aldera.

"Zaharberrikuntza ez da gauzak itxuroso uztea, ondarea zaindu eta gordetzea baizik". Cristina Aransay.

Bada, bost urte baino gehiago igarota, erlikia horiek gizartearen aurrean aurkezteko unea iritsi da. Ostiral honetan hasita, egindako lanaren emaitza datorren urteko urtarrilera arte egongo da ikusgai, Arabako Arte Ederren Museoan prestatu duten erakusketa batean. Hitzordu hori hain gertu izanda, Cristina Aransay Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuko arduradunari ilusioaren eta urduritasunaren arteko puntu hori antzematen zaio. "Gure artean askotan komentatu dugu oso sartuta egon garela proiektuan, eta, egia esanda, ez dakigu gizarteak zelan hartuko duen; gure lana ondo ulertuko ote den. Zaharberrikuntza ez da gauzak itxuroso uztea, ondare hori zaindu eta etorkizunerako ondo gordetzea baizik. Eta, horretarako, aldez aurretik ondo ikertu eta ezagutu behar dugu". Aurrean izan duten erronka ez da makala izan. Tartean daude ehunak, hezurrak, egurra, papera eta metalak. "Diziplina arteko lana izan da, eta horretan lan egin duten guztiak, baita gurean izan diren bisitariak ere, harrituta geratu dira".

Material horiek guztiek atzean duten istorioa ulertzeko, azterketa eta teknika andana baliatu dituzte. Izpi ultramoreak, makro argazkiak, erradiografiak, pigmentu eta laginen analisi kimikoak, garezurren analisi antropologikoa edota Karbono-14 bidezko datazioak. Bi piezari eskanerra eta guzti egin diete, barruan zutena ikusteko. Bidean, ezusteko ederrak aurkitu dituzte. Belar aromatikoez betetako poltsatxo bat, edo artelan baten egituraren atzeko aldean aurkitutako bi karta zati, esaterako.

Lorategi bitxiak

Eskuratu dituzten datuen arabera, badakite hezurrak III. mendekoak direla —aztertutako bi lagin, bederen, data horretakoak direla dio Karbono-14ak—, eta horien apaingarriak zein inguruan dituzten artelanak, berriz, XVII. mendekoak. Hezurren azterketa antropologikoaren arabera, litekeena da denak gizonezkoak izatea, 21 urtetik gorakoak, eta Mediterraneo aldekoak.

Flandrian diplomazia lanetan ibilitako Hurtado de Mendoza familiaren jabetzakoak izan ziren, eta datu hori bat dator artelanen zenbait ezaugarrirekin. Nabarmenena, lorategi txiki gisa ezagutzen zen arte motarekin dagoen parekotasuna. Aintzane Erkizia arte historialariak pista jarraitu die erlikiei. Aitortu du ez zaiola lan erraza izan, baina haren azalpenei gaiarekiko lilura antzematen zaie. "Hariz, zetaz eta alanbrez egindako lorategi txikiak dira, eta, horietan, santuen hezurrak tartekatzen zituzten". Lan horien atzean beginak egon zitezkeela uste dute adituek, hots, moja izan gabe komunitateetan elkartzen ziren emakume kristauak. Gauzak argitu aldera, Bruselan dagoen komentu batean sartu nahi du Erkiziak, hemengoak eta bertakoak alderatzeko, eta horien guztien atzean patroi artistiko berdina ote dagoen jakiteko. Baina, tamalez, orain arte ez du horretarako aukerarik izan. Bitartean, artxibategietan dabil arte historialaria, erlikiak jabetzan izan zituen familiari tiraka; beraiena da, momentuz, afera honetan dagoen agiri bakarra.

Erlikiei berei dagokienez, ezin uka III. mendeko datazioa guztiz iradokitzailea dela. Ez al da argudio bat legioaren kondairarekin lotzeko? Zuhurtzia handiz mintzo da Aransay gaiaren bueltan. "Datazioa oso garrantzitsua da, eta aitortu behar dizut datu hori jakiteak ilusio asko eragin zigula; baina, argi eta garbi: ez dago frogarik hezurrak tebastarrekin lotzeko; agiri bat beharko genuke". Inguruan dauden gainerako zaharberritzaileek ere zuhurtzia bera erakutsi dute. Lanetik ateratzean, zer pentsatzen dute, ba? Ez al da guztiz arraroa Erdi Aroan hezur batzuk erlikiatzat pasarazi nahi zituen norbaitek III. mendeko hezurretara jotzea? Kondairaren hezur garaikideetara, hain justu? Ez dute amua irentsi. "Niri berdin zait tebastarrak izatea ala ez", erantzun du erlikietan aurkitutako paperak zaharberritzen ibilitako Jesus Cortes adituak. "Ondarea da garrantzitsuena, haien kalitate artistikoa dago ororen gainetik". Bat dator Marina Lopez. "Honek erlijioaren eremua gainditzen du, guztiz. Duela hiru mende erabiltzen ziren teknika artistikoak gertutik ezagutzeko aukera eman digute erlikiok". Soledad Rojo zaharberritzaileak ez du erantzunik eman, baina aurreko solasaldian datazioaren kontua birritan atera du. Agian ez litzateke ideia txarra izango lanetik atera eta etxerako bueltan berari galdetzea.

Haatik, errealitate bainu bat suposatzen dute Erkizia arte historialariaren azalpenek. Dioenez, ez da batere arraroa Erdi Aroko erlikia batzuk III. mendekoak izatea. "Hirien handitzearekin batera, erromatar garaiko nekropoliak azaleratzen ziren, eta horiek erlikien merkatura iristen ziren. Merkatu hori bereziki garrantzitsua izan zen Alemaniako zenbait eskualdetan". Zapla.

Behin erakusketa bukatuta, erabaki zaila hartu beharko dute ondarearen arloko arduradunek. Non kokatu erlikiak? "Martiodara bueltatzerik ez dago, bertan behar bezalako baldintzarik ez daudelako", aurreratu du Aransayk. Kokapen berria argitu bitartean, arduradunak argi du eskuratutako ezagutza guztia liburu batean bildu beharko dutela. Bertan bost urteko abentura honetan bizitako istorioak jasoko dituzte, eta baita datu andana ere. Zalantza nagusia, halere, bati baino gehiagori buruan bueltaka ibiliko zaio seguruenena. Momentuz, egindako lanaz eta azalerazitako historiaz gozatzeko unea iritsi da.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide