Araban, tratamendu psikiatrikoan dauden adingabeen ehunekoa %15eraino igo da. Ondoez emozionala sentitzen dutela eta kudeatzeko zailtasunak dituztela adierazten duten adingabeen eta gazteen kasuak ere handitu egin dira. Horren guztiaren lekuko da Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Asafes elkartea; eta 2022an, proiektu pilotu bat martxan jartzea erabaki zuten, "gure lurraldeko ikastetxeei tresnak eta laguntza eskaini ahal izateko". Vital Fundazioaren babesarekin kaleratu dute orain Ikastetxeetan Buru Osasuna sustatzeko eta nerabeen suizidioa prebenitzeko gida. Josemi Colino elkarteko gizarte langileak azaldu duenez, "eskola leku egokia da gaitasun emozionalak sustatzeko eta suizidioa prebenitzeko".
Nori zuzenduta dago kaleratu berri duzuen gida?
Batez ere irakasleei zuzenduta dago, haiek buru osasunaren eta buruko gaitzen inguruko informazioa edukitzeko; suizidioari buruzko zer mito dauden, jokabide suiziden arrisku faktoreak zeintzuk diren, alerta seinaleak antzemateko eta prebenitzeko, larritasun maila. Badago jarduera multzo bat ere, klasean egiteko, buru osasuna eta ongizate emozionala sustatzeko, eta prestatuta dago edozeinek aurrera eramateko.
Nola sortu da buru osasuna zaintzeko eta suizidioa prebenitzeko gida?
2020-21 ikasturtea hasi zenetik, ikastetxe asko elkartearekin harremanetan jarri dira laguntza, aholkularitza eta, kasu batzuetan, prestakuntza eskatzeko. Izan ere, ideia suizidak adierazten dituzten ikasleen kopuruak gora egin du, jokabide autolitikoak dituzte, eta, kasu jakin batzuetan, bizia kentzen saiatu dira. Vital Fundazioarekin hitz egin genuen, gidaren ideia aurkezteko, eta babesa eman dute. Proiektuak bi atal izan ditu. Batetik, hitzaldiak egin ditugu Arabako hiru ikastetxeetan, proiektu pilotu bezala, Arabako Errioxan, Lautadan eta Gorbeialdean. Bestetik, irakasleekin saio bat egin dugu, haiei tresnak eta baliabideak emateko; eta ikasleekin ere saioak egin ditugu, gaiari buruz hitz egiteko eta informazioa emateko.
"Aurreiritziak baztertzeko balio duten eztabaida sutsuak sortu dira nerabeen artean"
Gazteek informazioa dute buru osasunaren eta suizidioaren inguruan?
Beti pentsatzen dugu gazteek gai honen inguruan ez dutela inolako informaziorik, baina informazio asko dute, sare sozialetatik jasotzen dutena eta kalean entzuten dena batez ere; baina arazoa da ez dela kalitatezko informazioa. Guk, aldiz, kalitatezko informazioa eman diegu, eta beti prebenitzeko helburuarekin, laguntza eskatzen jakiteko, beste pertsona bat ikusten baldin badute portaera zehatz batzuk dituena nola jokatu erakusteko; aholku batzuk eman dizkiegu haiek jakiteko nola jokatu. Sarritan, helduek beste alde batera begiratzen dugu, baina, azken finean, errealitatea hor dago, eta beste alde batera begiratzeagatik errealitate hori ez da desagertzen; beraz, nerabeek tresnak behar dituzte errealitatea kudeatzeko.
Noiz hasi zineten proiektu pilotuarekin?
2022an hasi ginen. Irailean, urrian eta azaroan, egin genituen hitzaldiak ikastetxeetan, eta ondoren, gidan agertzen diren jarduerak testatu genituen klaseetan, eta sailkapena egin genuen zehazteko zer jarduera ziren onenak. Azkeneko dokumentua abenduan eduki genuen, eta gida paperean eta digitalean prest dago jada. Hitzaldiak eta gida, gainera, Aidaturekin, Euskal Suizidologia Elkartearekin, elkarlanean egin dugu.
Koronabirusaren ondorengo neurriek nerabeen artean buru osasun arazoak areagotu dituzte. Zer pertzepzioa duzue Asafesen?
OMEren (Osasunaren Mundu Erakundea) arabera, 10 eta 19 urte bitarteko zazpi pertsonatik batek buruko nahasmendua du; eta AEPk (Espainiako Pediatria Elkartea) dio pandemiak egoera hori larriagotu duela, eta adingabeen artean osasun mentaleko nahasmenduak %47 igo direla. Nerabeen suizidioen kopurua, berriz, gora egiten ari da, eta 2020an –INEren azken datuen arabera– heriotza ez naturalaren lehen arrazoia izan da. Gainera, saiakerak, ideia suizidak eta autolesioak gero eta maizago agertzen dira sektore guztietan. Elkartean egoera horren lekuko izan gara, eta izaten ari gara, eta uste dugu ikastetxeek paper garrantzitsua jokatzen dutela aurre egiteko. Sozializazio eragile nagusietako bat dira, familiarekin eta parekoekin batera.
"Suizidioaren errealitatea hor dago, beste aldera begiratzeagatik ez da desagertuko"
Zaila suertatzen zaie gazteei laguntza eskatzea? Emozioak kudeatzen irakatsi behar da ikastetxeetan?
Ez dakite laguntza nola eskatu. Emozioak kudeatzen ere ikasi egin behar da, eta gidan jarduera batzuk horretara bideratuta daude; adibidez, autokontzientzia eta autoerregulazio emozionala, autoestimua, buru osasunari buruzko eta suizidioari buruzko mitoak, komunikazio estiloak, erresilientzia.. Garrantzitsua da nerabeek tresnak edukitzea, eta egoera batzuk kudeatzea. Gazteek, gainera, horren beharra ikusten dute.
Suizidioa edo buruko gaitzak prebenitzeko orduan, genero aldetik, desberdintasunak daude?
Suizidatzea lortzen duten lau pertsonatik hiru gizonak dira; aldiz, saiakera egiten duten lau pertsonatik hiru emakumeak dira. Generoaren aldagarria kontuan hartu behar da, eta dinamika pare bat egiten ditugu ikasleekin, haiek ikusteko desberdintasuna; adibidez, emakumeen artean oso normala da sentimenduen inguruan hitz egitea, baina gizonen artean oraindik arraro samarra da.
Zeintzuk dira nerabeek dituzten mitorik errotuenak?
Suizidioari buruzkoak, adibidez, "suizidatzeko nahia adierazten duenak ez du egingo" da mitorik errepikatuenetako bat, edo arazo larriak dituzten pertsonak bakarrik suizidatzen direla, edo suizidak hil egin nahi duela… Guk, ordea, esaten dugu suizidatzen saiatzen den lagunak ez duela hil nahi, nahi duena da sufrimenduarekin bukatu, eta ez duela beste modurik topatzen. Debate bat ere agertzen da oso maiz, suizidioa erabaki askea den edo ez, eta nerabe gehienek baietz uste dute, baina ez da horrela, normalean ez delako erabaki erabat librea, baldintzatuta dago. Eztabaida sutsuak sortu dira haien artean, eta oso politak, aurreiritziak baztertzeko balio dutenak.