Gida

Nola prebenitu nerabeen suizidioa?

Erredakzioa 2023ko ots. 20a, 12:00

Asafes eta Vital Fundazioko ordezkariak, gidaren aurkezpenean. / Argazkia: VITAL FUNDAZIOA

Asafes elkarteak eta Vital Fundazioak ikastetxeetan buru osasuna sustatzeko eta nerabeen suizidioa prebenitzeko gida bat aurkeztu dute. Materiala formatu digitalean zein paperean dago eskuragarri.

10 eta 19 urte bitarteko zazpi pertsonatik batek buruko nahasmendua du, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Gainera, aditu ugarik eta pediatria elkarteek ohartarazi dute Covid-19aren pandemiak egoera hori larriagotu egin duela azken hiru urteetan. Araban, %15eraino igo da tratamendu psikiatrikoan dauden adingabeen ehunekoa. INEren azken datuen arabera (2020), adin tarte horretako suizidioen kopuruak gora egin du nabarmen, heriotza ez naturalaren lehenengo kausa bihurtzeraino.

Testuinguru horretan, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteak (ASAFES) eta Vital Fundazioak Ikastetxeetan buru osasuna sustatzeko eta nerabeen suizidioa prebenitzeko gida aurkeztu dute egunotan, Aidatu Suizidologiako Euskal Elkartearen laguntzarekin. Gida aitzindaria da estatu mailan, eta materiala formatu digitalean zein paperean dago eskuragarri.

"2021/2022 ikasturteaz geroztik, ikastetxe askok laguntza, aholkularitza eta, kasu batzuetan, prestakuntza eskatu dute, ideia suizidak adierazten dituzten ikasleak ugaritu egin direlako, baita jokabide autolitikoak dituztenak ere, eta, kasu jakinetan, bere buruaz beste egiten saiatu direlako", azaldu dute gidaren sustatzaileek. "Antzemandako egoerari gehitu behar zaizkio ondoez emozionala eta hori kudeatzeko zailtasuna, zalantzazko etorkizunak eragindako motibazio falta, isolamendua... ondoeza hori ondorio larrienera irits daiteke".

Arazoari erantzuteko, proiektu pilotu bat jarri zuten abian Murgia, Bastida eta Aguraingo hiru ikastetxetan. Ikasle zein irakasleei prestakuntza eskaini zaie, gida lantzearekin batera.

Prebentzio baliabideak

Gidaliburuak suizidio ideia potentzialen hastapenean eragiteko helburua du, eta modu praktikoan lantzen ditu emozioen kudeaketarekin lotutako babes faktoreak hezkuntzaren esparruan. "Ez da, beraz, krisialdietan jarduteko gida bat, baina arrisku egoerak identifikatzen saiatzen da, eta ikastetxeetako langileek agintaritza eskudunek ezarritako protokoloa edo estrategia aktibatu beharko dute horien aurrean".

Irakasleek eta hezitzaileek ikasleen ongizate emozionala sustatzeko baliabideak aurki ditzakete gidan, hainbat gairi buruzko informazio erabilgarriaz gain: osasun mentalaren kontzeptua, gaixotasun mentalari eta suizidioari buruzko mitoak, jokabide suizidaren arrisku faktoreak eta babesleak, alerta seinaleak, larritasun edo arrisku maila, laguntza baliabideak...

Bost hamarkada lanean

Asafes elkartea 1976tik ari da lanean gaixotasun mentala dutenentzako "proiektu bizi, integral eta indibidualizatu bat" bideragarri egiteko helburuarekin. Elkartearen lan ildo nagusiak integrazio eta normalizazio etorkizun batera bideratuta daude, pertsona horien bizi kalitatea hobetzeko. Gaur egun 600 bazkide baino gehiago ditu, baita urtean zehar 2.000 pertsona inguru artatzen dituen talde profesional eta boluntario bat ere.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago