Euskal Zinemaren Astea bueltan da, Goya Sarietako uzta onenarekin

Erredakzioa 2023ko ots. 13a, 19:50

'Cinco lobitos', 'Irati', 'La consagración de la primavera' eta 'Suro'. / VITAL FUNDAZIOA

Otsailaren 20tik 25era bitartean, besteak beste, Goya Sarietatik igaro diren Cinco lobitos, Irati eta La consagración de la primavera eskainiko ditu Euskal Zinemaren Astearen 39. edizioak.

Vital Fundazioak urtero antolatzen duen Euskal Zinemaren Astearen 39. edizioak euskal zinemagintzak 2022an ekoitzitako film onenen hautaketa bat eskainiko du otsailaren 20tik 25era, astelehenetik larunbatera: guztira, sei film luze eta bost film labur ikusteko aukera izango du Gasteizko publikoak; eta egunero solasaldi bat egingo da protagonistekin.

Emanaldi guztiak 19:30etan hasiko dira, Vital Fundazioa Kulturunean, Dendaraba merkataritza zentroan. Abonamenduak (15 euro) eta sarrera solteak (4 euro) dagoeneko eskuragarri daude www.fundacionvital.eus webgunean eta Vital Fundazioaren egoitzan, Kordoi Etxean. Aurrez aurre erosteko ordutegia: astelehenetik ostegunera 08:30etik 14:00etara eta 16:30etik 18:30era, eta ostiraletan soilik goizeko ordutegian; emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik aurrera, leihatilan erosteko aukera izango da ere.

Programazioaren barruan, Alauda Ruiz de Azua bizkaitarraren Cinco lobitos filma nabarmenduko da, Goya Sarietan hamaika izendapen eta hiru sari eskuratu ostean: zuzendari berri onena, emakumezko aktore protagonista onena eta bigarren mailako emakumezko aktore onena. Horrez gain, Telmo Iruretari gizonezko aktore berri onenaren Goya Saria suposatu dion filma izango da ikusgai, La consagración de la primavera. Baita, nola ez, Paul Urkijo zuzendari gasteiztarraren bigarren film luzea, Irati; Goya Sarietan esku hutsik gelditu den arren, ziur Arabako zinemagintzarako inflexio puntu bat markatuko duena.

Sei egunez, publikoak epaimahai lana egingo du, eta emanaldi bakoitzaren ondoren bere botoa emango du lan onenak aukeratzeko. Emaitzak amaierako galan jakinaraziko dituzte, film luze onenaren saria, film labur onenaren saria eta Gutako Bat saria banatzearekin batera.

EGITARAUA

Otsailak 20, astelehena

Inaugurazio galaren ondoren

  • N-666 (Imanol Ortiz) beldurrezko film laburra. Ane Lekanda eta Erik Probanza ditu protagonista, eta bere mugikorrean hainbat argazki errepasatzen ari den bitartean, gauez gidatzen ari den gazte baten istorioa kontatzen du. Egun horretako argazkiak ikustean, haietako batzuetan presentzia arraroa ikusiko dute. Autoa gelditzean, bakarrik dagoela egiaztatuko du. Ala ez? Imanol Ortiz estatuko eta nazioarteko jaialdi ugaritan hautatutako eta saritutako lan askoren zuzendaria eta gidoilaria da.
  • Suro (Mikel Gurrea) filmak bi izendapen lortu ditu Goya Sarietarako: emakumezko aktore onena (Vicky Luengo) eta zuzendari berri onena (Mikel Gurrea). Gainera FIPRESCI eta Euskal Zinema Saria jaso zituen Donostiako Zinemaldian. Bere lehenengo film luzean, Helena eta Ivanen istorioa kontatu du Gurreak. Artelatz basoetan bizitza berri bat eraikitzeko asmoa dute biek, baina lurrean bizitzeko moduari buruzko ikuspuntu ezberdinak azaleratuko dira, eta horrek kolokan jarriko du bikotearen etorkizuna.

Otsailak 21, asteartea

  • Los días que (nunca) fueron Kevin Iglesiasen eta Pedro Riveroren film laburrean, hiru pertsonaia beren bizitzako unerik onena bizitzeko zorian daude, fenomeno arraro bat agertzen den arte. Zuzendari biek irabazi dituzte Goya Sariak eta nazioarteko beste sari batzuk, aurreko lanengatik.
  • La consagración de la primavera lanak Fernando Franco du zuzendari, eta, beste aktore batzuen artean, Emma Suarez da protagonista. Goya sarietan izendapen bi ditu: gizonezko aktore berri onena Telmo Iruretarentzat, eta emakumezko aktore berri onena Valeria Sorollarentzat. Bilbean, Laura Madrilera iritsi berri da unibertsitatean ikastera. Gau batean, ezustean, David ezagutuko du, garuneko paralisia duen mutil bat. Dena posible den bizi-une horri buruzko istorioa da, eta ustekabeko topaketak bizitzan erabakigarriak izan daitezkeela kontatuko du. Zuzendari berri onenaren Goya Saria irabazi zuen Francok, eta lau aldiz izendatu dute zuzendari onenaren atalean.

Otsailak 22, asteazkena

  • Txotxongiloa film laburrak Sonia Estevez du zuzendari. Gela batean itxita, lurrean etzanda eta geldirik dagoen emakumezko txotxongilo baten istorioa da. Hainbat esperientziaren ondoren, pixkanaka sokak gorputzari atxikiko zaizkio, eta haren mugimenduak gero eta arinagoak izango dira.
  • Cinco lobitos Alauda Ruiz de Azuaren lehenengo film luzea Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen, Europako film onenaren Gaudi saria jaso du, eta 2022ko Malagako Jaialdiko garailea izan zen, bost sari lortuta. Laia Costa, Susi Sanchez eta Ramon Barea ditu protagonista, eta Goya Sarietarako izan dituen hamaika izendapenetatik hiru irabazi ditu: Ruiz de Azua zuzendari berri onena, Laia Costa emakumezko aktore onena, eta Susi Sanchez bigarren mailako emakumezko aktore onena. Sentimenduei buruzko istorio bizia da: Amaia ama izan berri da. Bikotekidea hilabetetan izango da urrun, eta bera ez da haurra zaintzeko eta bere lana berreskuratzeko gai. Gurasoen etxean babestea erabakiko du, Euskal Herriko kostaldeko herri polit batean.

Otsailak 23, osteguna

  • Erroak film laburrean, Sergio Azkarate zuzendariak Arabako landa eremuaren despopulazioaren errepasoa egiten du, biztanleen bitartez.
  • Gelditasuna ekaitzean. Alberto Gastesi zuzendaria oso gaztetan hasi zen lanean; izan ere, 13 urte zituela egin zuen bere lehenengo film laburra. Film honetan, Lara Parisetik itzuliko da Telmo bikotekidearekin, eta Donostian finkatuko dira behin betiko. Daniel ez da inoiz hiritik atera; orain Vera bere neska-lagunarekin bizi da eta bere amaren etxe-agentziarako egiten du lan. Lara eta Danielen bizitzak elkarrekin gurutzatzen dira salgai dagoen etxebizitza batera egindako bisitan, baina agian hau ez da topo egin duten lehenengo aldia. Iraganaren eta orainaren artean, beste garai batean beste bide batzuk har zitzaketen bi pertsonen maitasun-istorioa aztertuko du.

Otsailak 24, ostirala

  • Tula Beatriz Silvaren lehenengo lan garrantzitsua den film labur horretan, emakumezkoen ikastetxe bateko komunak garbitzeaz arduratuko da Tula. Bere lanaldia aldatu egingo da zuzendariaren hamalau urteko alabak haurdun dagoela aitortzen dionean.
  • El Vasco Goenkale edo Go!azen bezalako haurrentzako programa eta telesail sarituen zuzendari Jabi Elortegik Mikelen istorioa kontatu du film honetan. Mikelek bizitza aldatzea erabaki du, eta Argentinara joateko eta bertan bizitzeko urruneko ahaide baten gonbidapena onartuko du. Laster konturatuko da bere osaba ludopata eta edalea dela, eta ez duela eskaintzeko ezer. Dena korapilatuko da osabaren ama hamar urteko lozorrotik esnatzen denean, Mikeli haur kanta bat euskaraz abesten entzutean. Une horretatik aurrera, herri osoa elkartu eta ahalegin guztiak egingo dituzte Doloresi sinetsarazteko oraindik Bermeo bere jaioterrian bizi dela, 50. hamarkadan.

Otsailak 25, larunbata

Itxiera gala eta sari banaketa

  • Irati, Paul Urkijoren bigarren film luzea. Zuzendari gasteiztarrak arrakasta handia lortu zuen Errementari bere aurreko filmari esker, eta Irati filmak Goya Sarietarako bost izendapen lortu ditu, gidoi egokitua, efektu bereziak, jantziak eta musika onena barne, baita Sitgesko Zinemaldiko Publikoaren Saria ere. Idatzi eta zuzendu dituen filmek 130 sari baino gehiago irabazi dituzte, eta 400 hautaketa baino gehiago munduan zehar.

    Irati VIII. mendean girotua dago. Karlomagnoren armadak Pirinioak astinduko ditu, eta, aurre egiteko, haraneko buruzagi menditarrak laguntza eskatuko die bertako jainko zaharrei. Odolezko itun baten bidez, etsaia garaituko du, ordainetan bere bizia emanez, baina aurretik bere seme Enekori zin eginaraziko dio haranerako buruzagi ona izango dela. Urte batzuk geroago, Eneko, jada heldua eta kristau sinesmenekoa, bere hitza betetzeko prestatzen ari da, baina, egoera bitxian, frankoei harrapatutako altxorraren ondoan lurperatutako aitaren gorpua desagertuko da, eta bere leinua zalantzan jarriko da. Enekok berreskuratu egin beharko ditu bere patua betetzeko, eta horretarako Irati izeneko lekuko neska pagano baten laguntza beharko du.

DOSIERRA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago