2022ko urrian, Mercedeseko langileek ahotsa altxatu zuten lankide baten kaleratzearen kontra. Anek, kaleratutako langileak, baja hartu zuen duela sei urte, bere bikotekidearen heriotzaren osteko depresio baten ondorioz, 26 urtez fabrikan lan egin ondoren. Itzuli zenean, bere lanpostua desagertu egin zela eta berarentzat lanposturik ez zegoela argudiatuz, Emilio Titosen zuzendaritzak kaleratu egin zuen.
Urtarrilean, Mercedes-Benz Gasteizko zuzendari Emilio Titosek lekukoa laga dio Bernd Krottmayer arduradun berriari, hilaren 1ean erretiroa hartuta. Alemaniarrak hartutako lehen erabakien artean Ane berriro onartzea izan da. Otsailaren 1ean itzuliko da lanera, kaleratua izan aurretik zituen baldintza berberak dituen lanpostu batean; administrazio lanetan, baina beste arlo batean.
Denborak esango du Krottmayerrek Mercedesek Gasteizen duen fabrikaren barruko lan harreman eredua aldatuko ote duen. Nolanahi ere, bere ibilbidearen lehen hilabetean hartutako erabakia enpresa batzordearekiko keinu bat bezala interpretatu daiteke. Izan ere, sindikatuek zuzendari berriaren jarrera aldaketa eskertu dute, eta kaleratze bidegabeagatik aurkeztutako salaketa kendu dute.