Mercedeseko langileak lankide baten kaleratzearen kontra altxatu dira

Erredakzioa 2022ko urr. 28a, 15:30

Mercedeseko sindikatuen agerraldia, ELAren Gasteizko egoitzan. / Argazkia: ELA

Sindikatuek salatu dute Mercedesek langile bat kaleratu duela "bolada pertsonal latz baten" ostean lanera itzultzean: "Mercedesek kaleratzeak erabiltzen ditu, nahiz eta irabazien errekorra eta etorkizun handiko inbertsioak izan".

Gaur goizean ELA sindikatuaren egoitzan bildu dira UGT, ELA, LAB, CCOO, ESK eta PIM sindikatuak. Bertan azaldu dutenez, Kaleratze Batzordeak hiru aldiz jarri du abian kaleratzeen protokoloa azken urteetan, hainbat arrazoi direla eta.

Lehenengo kasua 2019ko otsailekoa da, eta kaleratzeen protokoloaren akordioa sinatzea ahalbidetu zuen: produkzioko hiru kide kaleratu zituen enpresak; sindikatuen arabera, "salaketa faltsuetan oinarrituta". Azaldu dutenez, pertsona horietako batek bakarrik lortu zuen epaile batek bere kaleratzea baliogabetzat jotzea, eta berriro onartu behar izan zuten fabrikan. Beste biek enpresak proposatutako kalte-ordainari heldu zioten epaiketa baino lehen.

2021ean, berriz, ITA departamentuko lau pertsona kaleratu zituzten, eta azpikontrata bati lagatu. Azkenean, enpresak lau pertsonak onartu behar izan zituen berriro, Kaleratze Batzordeak prozesu judizial bati ekin ostean.

"Orain Aneren txanda da: bolada pertsonal latz bat igaro ondoren, lanera itzultzean, modu guztiz bidegabe eta miserablean kaleratu dute, bere lanpostua desagertu egin dela eta berarentzat lanposturik ez dagoela adieraziz", salatu dute UGT, ELA, LAB, CCOO, ESK eta PIM sindikatuek.

Kaleratze Batzordeko sindikatuek azaldu dutenez, "diziplina-espediente faltsuak, beste enpresa bati lagapenak eta lanpostua desagerraraztea" bezalako formatuak erabiltzen ari da Mercedes jendea kaleratzeko. "Zoritxarrez, bide judizialak horretarako aukera ematen du, kaleratze deuseza lortzea epaiketa batean oso zaila baita. Kaleratze bidegabeak, langileari arrazoia eman arren, beste gastu bat baino ez dakar enpresaren kontuen balantzean, eta ez du berriz onartzera behartzen", deitoratu dute.

Aneren kaleratzearen ondoren, enpresa batzordea bi aldiz jarri da harremanetan enpresarekin; azkenengo aldian, Rodrigo Navarro Giza Baliabideen zuzendariari eta Emilio Titos zuzendari nagusiari zuzenean bidalitako gutun baten bitartez. Eskutitz horretan, Aneren egoerari "irtenbide bidezkoagoa eta duinagoa" bilatzeko eskatu diote enpresako zuzendaritzari. "Baina bi zuzendaritzek ez dute ezta erantzun ere egin".

"Berriro ere, gure zuzendaritzak erabateko enpatia eta sentsibilitate falta erakusten du pertsonekiko. Argi utzita, haientzat ekoizpen material hutsa baino ez garela, eta gu alde batera utz gaitzaketela inolako begirunerik gabe", kritikatu dute langileen ordezkariek.

Horren aurrean, azken asteetan komunikatuak, kartelak, eranskailuak eta pankartak zabaldu dituzte fabrikaren barruan zein kanpoaldean, eta gaur goizean erabaki dute Gasteizko iritzi publikoari gertatzen ari denaren berri ematea. Datozen asteetan elkarretaratzeak egingo dituzte egoera salatzen jarraitzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago