Roberto Lebrero Panizo Totxo preso gasteiztarra eta Judimendi auzoko bizilaguna, 2001eko urriaren 21etik dago kartzelan; Espainiako Auzitegi Nazionalak 71 urteko kartzela zigorra ezarri zion —25 urteko betetze-mugarekin— talde armatuko kide izatea eta horrekin lotutako beste hainbat delitu egotzita.
Zigorraren hiru laurden inguru isolamenduan bete ditu. Sakabanatuta emandako azken urteak 990 kilometrora dagoen Sevilla II espetxean igaro ostean, 2020an lekualdatu zuten Burgosko kartzelara (215 kilometrora), eta, ondoren, 2021ean hurbildu zuten Zaballako espetxera, Arabako beste hainbat presorekin batera. Azkenean, 2022ko uztailean eskuratu zuen hirugarren gradua. Horrek suposatzen du egunean zehar zein asteburuetan kalean eta etxean egon ahal izatea, astelehenetik ostegunera bitartean gauak espetxean igarota.
Orain, berriz, gradu erregresio arriskuan dago Lebrero, Sare Herritarrak jakitera eman duenez. Izan ere, erdi-askatasun erregimena lortu ondoren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak bigarren gradura bueltatzeko errekurtsoa jarri du. Epaileak helegite hori onartuz gero, hirugarren gradua atzera bota eta bigarren gradua ezarriko liokete presoari, eta ezingo litzateke espetxetik atera.
"Roberto Judimendin nahi dugu. Gradu erregresiorik ez!", aldarrikatu dute Sare Herritarrak eta Judimendiko Gazte Asanbladak.
Totxo auzoan nahi dugu!
— JudimendikoGA (@JudimendikoGA) January 29, 2023
Gradu erregresioaren mehatxuen aurrean auzoko gazteok gure auzokidea babesten jarraituko dugu, jardun militantez eta maitasunez.
Gradu erregresiorik ez! pic.twitter.com/xDwgO3teU2