Euskal presoen lekualdatzeek jarraitzen dute. Ostiral honetan, bost preso gehiago hurbiltzea onartu du Espainiako Barne Ministerioak; horien artean, Arabako hiru preso daude.
Roberto Lebrero 'Totxo' urrian lekualdatu zuten Sevillatik Burgosera, eta orain Burgosetik Zaballako espetxera hurbilduko dute, Araban. Lebrero 2001eko urriaren 21etik dago kartzelan.
Iñaki Arakama Mendia 'Makario' ETAko kide historikoa Sevilla II espetxean dago une honetan, eta, iragarri dutenez, Zaballako espetxera hurbilduko dute ere, Araban. 1987 eta 1989 artean Santo Domingora deportatu zuten, eta 1997ko abuztuan Espainiara estraditatu zuten. Hainbat espetxe zigor pilatu ostean, 2013ko urrian bete zituen zigorraren hiru laurdenak.
Jose Maria Novoa Murtziako espetxean dago une honetan, eta Leonera hurbilduko dute. 1999ko abenduaren 20an atxilotu zuten.