Diputazioak ukatu du Mendixurren uxaldia onartu izana

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 25a

Babesgunean bi ehiztari sartu ziren, txakur banarekin, baina "armarik gabe". ALEA

Josean Galera ingurumen diputatuaren arabera, 2019an ehiztariak armarik gabe sartu ziren Mendixurren "basurdeak mugiarazteko".

Arabako Diputazioak ukatu du 2019an Mendixurreko Kontserbazio Bereziko Eremuan ehiza uxaldi bat onartu izana. Aste honetan Batzar Nagusietan egindako agerraldi batean Josean Galera Ingurumen diputatuak ziurtatu du Nekazaritza sailak babestutako eremuaren alboan dagoen ehiza barruti baterako baimena eman zuela, eta Ingurumen sailak beste baimen bat eman zuela babestutako eremuan "armarik gabe zeuden bi ehiztari" sartu zitezen. Diputatuaren esanetan, bi pertsona horiek "basurdeak mugiarazteko" sartu ziren; eta onartu du ehiztari bakoitzak txakur bana zeramala.

Agerraldia eskatu zuen Elkarrekin Podemos-IUko Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideari gaia "arduragabekeriaz" erabiltzea leporatu dio diputatuak, eta baita "administrazio prozedurak" ez ezagutzea. "Ehiza barrutiak eskatu dit harago joatea, baina lasaituko naiz", erantsi du Galerak.

Garcia-Morenok, berriz, diputatuari egotzi dio "trilero lanetan" ibiltzea, eta probintzian ehizaren kudeaketan "irregulartasunean oinarritutako modus operandi" bat dagoela dio. Iazko irailean Ekologistak Martxan taldeak gaia salatu zuen, eta foru funtzionario batek ere salaketa jarrita dauka epaitegietan. Agerraldian ez dute argitu isilpeko ehiztariak babesteagatik kargutik kanpo bota zuten Mendi Zerbitzuko burua diputazioarentzat lanean ote dagoen, galdera hori gai ordenean ez zegoela argudiatuta.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago