Mendixurreko uxaldia ehiztarien "apeta" soilagatik onartu izana egotzi diote aldundiari

Erredakzioa 2023ko urtarrilaren 19a

Uxaldia justifikaziorik gabe onartu zutela dio Elkarrekin Podemos-IUk. ALEA

Elkarrekin Podemos-IU batzarkide taldearen arabera, Ingurumen sailak ez du aurkeztu uxaldi horren gaineko justifikaziorik; "oso larritzat" jo dute babestutako gune batean ehiza onartu izana.

2019an Mendixurren egindako ehiza uxaldi bati buruz Ekologistak Martxan taldeak eta foru funtzionario batek egindako salaketak berretsi ditu gaur Elkarrekin Podemos-IU batzarkide taldeak, eta aurreratu du astelehenean "erantzukizun politikoak" eskatuko dizkiotela Jose Antonio Galera Ingurumen diputatuari.

Koalizioak ezagutarazi duenez, atzo salaketa horien gaineko erantzuna jaso zuten Arabako Diputazioko Ingurumen eta Nekazaritza sailen partetik, eta bertan aldundiak ez die aurkeztu babestutako gune batean ehiza uxaldi bat justifikatuko lukeen txostenik. Hortaz, koalizioaren arabera "uxaldia baimendu zen Mendixur eremu babestuarekin muga egiten duen barrutiaren esleipendunak egindako eskaera soilagatik".

Halako gune batean uxaldi bat justifikatzeko nekazaritza lurretan kalteak egon beharko lirateke, edo bestelako kalteak gainerako faunan edo ekosisteman. Halakorik ez dagoela azaldu du Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideak. Erantsi du babestutako gune batean egindako uxaldi hori "apeta" soilagatik onartu zela, eta aurreratu du ez dela kasu bakarra. Araban egiten den ehizaren kudeaketan "irregulartasunetan oinarritutako modus operandi bat" dagoela salatu du.  

Ohar batean koalizioak gogoratu du basurdeen ehiza hori onartu zela "hainbat kontserbazio-figura dituen eremu batean", hala nola Faunaren Babeslekua, Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua, Kontserbazio Bereziko Eremua eta Nazioarteko Garrantzia duen RAMSAR hezegunea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago