Ehizagatiko beste salaketa bat preskribatzear, Aldundiaren "ardura faltagatik"

Erredakzioa 2022ko ira. 21a, 10:00
Basurde-uxaldi batean irregulartasunak salatu zituzten 2019an. / Argazkia: PIXABAY

Ekologistak Martxan taldeak ohartarazi du 33 hilabete geroago ez dela espedienterik ireki 2019an jarritako salaketa baten harira. "Larritzat" jo du auzia, Naturagune Babestu batean egindako basurde-uxaldi batean jazotako irregulartasunak izan zirelako.

2019ko abenduaren 14an hasi zen Ekologistak Martxan taldeak ezagutzera eman duen kasua. Egun horretan, Arabako Foru Aldundiko basozain batek VI-10205 ehiza-barrutiko ehiza-babeslekuan (hau da, ehizatu ezin den eremu batean) gertatutako irregulartasun batzuei buruzko salaketa bat jarri zuen.

Ustez, Aldundiaren Ehiza eta Arrantza Sailak basurde-uxaldi bat baimendu zuen Zadorrako urtegien Kontserbazio Bereziko Eremuaren barruan (Europako legeriak babestutako eremua), Mendixurreko isatsan. Ekologistak Martxan taldearen ustez, naturagune babestu eta ehizarako debekatutako batean uxaldi bat baimentzea "nahiko kezkagarria" da, baina irregulartasunak gehiago izan ziren.

Alde batetik, basurdeek eremu babestutik gertu dauden laboreei eragindako ustezko kalteak izan ziren uxaldiaren arrazoia, baina: "Ez dago kalte horiek balioesten dituen peritu-txostenik, ez eta nekazari kaltetuen eskaerarik ere. Era berean, ez dago inguruan dagoen basurde kopuruari buruzko txostenik, animalien dentsitate handia justifikatzen duenik", salatu du Ekologistak Martxan-ek.

Bestalde, salaketaren arabera, ehiztariek ez zituzten bete uxaldia baimentzeko jarritako baldintzetako batzuk. Besteak beste, eskopeta zuen inor ezin zela egon babestutako eremuaren barruan, edo segurtasun eremuetara ez apuntatzea.

Gainera, basurdeen ustezko gainpopulazioa zen uxaldia baimentzeko beste arrazoietako bat, baina uxaldian ez zen basurderik ikusi, eta, ondorioz, ez zen animaliarik hil.

Salaketa preskribatzear

33 hilabete igaro dira basozainak salaketa jarri zuenetik, eta dagoeneko preskribatzeko zorian dago, oraindik ez baita horri buruzko espedienterik ireki. Ekologistak Martxan-ek Ehiza eta Arrantza Sailaren "ardura falta" salatu du, baita "erreserbako eremuetan eta naturgune babestuetan basurde-uxaldi bereziak baimentzeko dagoen zorroztasun eza eta alaitasuna, kalteen peritazioari buruzko behar bezalako txostenik edo salbuespen horiek justifikatzen dituzten txosten zientifikorik gabe".

Horrekin batera, talde ekologistak kritikatu du ehiza eta arrantzarekin lotutako salaketa batzuen inguruko "ardurarik eza", espedienteak iraungitzea edo preskribatzea ahalbidetzen duena. Kasu honetan, gainera, Aldundiko funtzionarioari "inolako azalpenik eman gabe" eta Ehiza eta Arrantza atalari "preskripzio data hurbiltzen ari zela ohartaraziz etengabe errekerimenduak egin arren" gertatu dela salatu dute.

"Prebarikazioa"

Ekologistak Martxan-ek eskaera zuzena egin die Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailari eta Nekazaritza Sailari, "eremu babestuetan edo debekatutako eremuetan uxaldiak egiten ez uzteko, hori justifikatzen duen peritu-txostenik ez badago". Horrez gain, Ehiza eta Arrantza Sailari salaketak izapidetzeari dagokionez gertatzen ari diren "irregulartasunak berehala bukatzea" eta "premiazko neurriak hartzea" exijitu diote.

Aipatutako salaketa azkenean preskribatzen bada, Nekazaritza Saileko zuzendariaren edota foru diputatuaren aurka prebarikazioagatik salaketa jartzea aztertuko du talde ekologistak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide