Energia berriztagarria sortzeko proiektuen inguruko polemikak ez du etenik, eta aste honetan Azazetako proiektu eolikoa dago eztabaidaren erdigunean.
Urrian ezagutu genuen Aldundiaren txosten batek ondorioztatu duela proiektu horren ingurumen bideragarritasuna zuzentzeko lanak "gutxiegi" izan direla. Eta foru teknikarien lehen txostenak zioen parke eolikoak "ondorio negatibo oso nabarmenak" eragingo lituzkeela, eta "eragin larriak eta oso larriak" izango lituzkeela inguruko flora, hegazti eta paisaiengan.
Azken egunetan, berriz, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuak proiektua moldatu du, bere bideragarritasuna ahalbidetzeko asmoz. Ingurumen-inpaktuaren azterketari eranskin bat aurkeztu dio, Azazetako mendatean proiektatutako parke eolikoaren zortzi aerosorgailuetako biren kokapena aldatuz, ingurumenean "ahalik eta eragin txikiena" izan dezaten. Haize-errotek 180 metroko altuera eta 25 metroko diametroa izango lukete.
Orain, Aldundiko teknikariek berriro baloratu beharko dute aldaketa horiek nahikoak ote diren. Bitartean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusia proiektuaren "bideragarritasunaz ziur" agertu da: "Errealitate bat izango da, ez izan zalantzarik", ziurtatu du Batzar Nagusietan.
"Korridore ekologiko garrantzitsua"
Bere aldetik, Arabako Mendiak Aske plataformak errotak lekuz aldatzeko proposamenari uko egin dio, eta planteamendua "erabat alferrikakoa" dela ziurtatu du. "Birkokatze horrek ez ditu inola ere zuzentzen Aldundiko teknikarien 2021eko abenduko txostenean jasotako ingurumen inpaktu larriak", ohartarazi dute. "Ezinezkoa da landarediaren eta faunaren gaineko inpaktuari buruzko azterlan zehatzak egitea; hegaztien "pasea", adibidez, egun hauetan ari da gertatzen. Ondo eginak izateko urtebetez luzatu beharko lirateke".
Gainera, zentral eolikoa eraikitzekoa den eremua "korridore ekologiko garrantzitsua" dela azpimarratu du plataformak. "Hegaztien migratzerako bide nagusietako bat da iparraldetik hegoaldera (Europa-Afrika) eta ekialdetik mendebaldera (Pirinio-Kantauri). Beraz, kontuan hartu behar da Europa mailan hegaztien kontserbaziorako".
Bestalde, proiektuaren eraginpeko eremua hiru natura gune babesturen artean "estrategikoki" kokaturik dagoela gogorarazi dute. Izan ere, Izkiko Parke Naturala (KBE/HBBE), Gasteizko Mendi Garaiak (KBE) eta Entziako mendilerroa (KBE) bat eta zazpi kilometro arteko distantziara daude.
Azkenik, Ramiro Gonzalezi eskatu diote "ordezkatzen duen lurraldearen interesak defenda ditzala, eta ez landa ingurunea bereganatzen eta suntsitzen duten transnazional energetiko horien interesak". Horrekin batera, azaroaren 26an 19:00etan Andre Maria Zuriaren plazan 200 metroko altuerako dorre eoliko bat irudikatzeko ekintza iragarri dute: "Gasteizko Mendiek ez dute sakrifizio eremuak izan behar, bazterketa eremuak baizik".