Bederatzi hilabeteko zigorrak 2020ko greba orokorrean parte hartzeagatik

Erredakzioa 2022ko abenduaren 14a

2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorreko manifestazioa, Gasteizen. / ALEA

Epaitutako lau gazteetako biri bederatzi hilabeteko zigorra ezarri die epaitegiak, greba orokorrean desordena publikoak eragitea leporatuta. Espainiako Poliziaren identifikazioa ontzat eman du epaileak: "Bake soziala asaldatzeko asmo argia zuten".

2020ko urtarrilaren 30ean, Eskubide Sozialen Kartak greba orokorra deitu zuen Hego Euskal Herrian. Milaka eta milaka herritar atera ziren kalera, mobilizazio, pikete zein bestelako protestetan. Handik hilabete batzuetara, 2020ko azaroan, Espainiako Poliziak lau gazte eraman zituen deklaratzera, istiluak eragitea egotzita.

Duela hiru aste, azaroaren 23an, lau gazte horien aurkako epaiketa egin zen Gasteizko Justizia Jauregian. Kanpoaldean, Eskubide Sozialen Kartak "muntai poliziala" salatu eta gazteen absoluzioa eskatu zuen.

Asteazken honetan, berriz, epaia iritsi da: lau gazteetako biri bederatzi hilabeteko espetxe zigor bana ezarri die Zigor-arloko 2 zenbakiko Epaitegiak, "desordena publikoak" eragitea egotzita. Epaiak ez du espetxeratzerik ekarriko, aurrekari penalik ez dutelako. Nolanahi ere, sententzia ez da irmoa eta errekurritzeko aukera zabalik da.

Oinarria: Espainiako Poliziaren identifikazioa

Espainiako Poliziaren Informazio Brigadako agenteak dira epaiketan gazteak identifikatu zituztenak. Eta Roberto Ramos epaileak ontzat eman ditu Corte Ingles merkataritza zentroaren inguruan gertatutako istiluen bideoetatik egindako identifikazio horiek. Sare sozialetan argitaratutako bideoak dira oinarria. El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, "ikertzaileen begi klinikoek aurreko istiluetatik ezagutzen zituzten" gazteak.  Epailearen ustez, "ezezagun batzuk kaputxaz estalita daude, baina haien siluetak bat datoz bi auzipetuekin". Gainera, irudiren batean aurpegia ikusten zaiela dio epaileak, gazteetako bat "sudur oso bereizgarriagatik" identifikatu izana ontzat emanda.

Azken finean, egotzitako ekintzak bi honako hauek dira: Corte Ingleseko ate bati ostiko bat ematea, eta petardo bat piztea. "Bake publikoa asaldatzeko asmo argia zuten, taldean jarduten zuten eta bi auzipetuak haien artean zeuden", deritzo epaileak.

Zigortutako bi gazteek manifestazioan parte hartu izana aitortu zuten epaiketan, baina istilurik sortu izana ukatu egin zuten. Bere aldetik, Eskubide Sozialen Kartak salatu zuen "eskubide sozialen defentsan borroka egiten dugun guztiok beldurtu eta kriminalizatzea" zela epaiketaren helburua, azpimarratuz "lan, pentsio eta bizi duinen alde borrokatzea ez dela delitua".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago