U30 Greba Orokorra

Espainiako Poliziak hiru gazte eraman ditu deklaratzera urtarrileko grebagatik

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 17:19

Urtarrilaren 30eko greba orokorreko manifestazioa. / HALA BEDI

Espainiako Poliziak urtarrilaren 30eko greban istiluak eragitea leporatu die Gasteizko lau gazteri. Horietako hiru atxilotu eta Betoñoko polizia-etxera eraman ditu deklaratzera. Laugarren gazte bat atxilotzera joan dira, baina ez dute lortu.

Espainiako Poliziak Gasteizko lau gazte deklaratzera deitu ditu Betoñoko polizia-etxera, ustez istiluak eragiteagatik urtarrilaren 30eko greba orokorrean.

Astearte honetan, lau gazteen etxeetan agertu zen Espainiako Polizia, deklaratzeko agindua jakinarazteko —gazteen arabera, ahoz, baina jakinarazpen ofizialik gabe. Horietako bi kotxeetan sartu eta Betoñoko polizia-etxera eraman zituzten; beste biek, ordea, uko egin zioten deklaratzera joateari. Atxilotu gabeko gazte horietako bat asteazken honetan atzeman eta deklaratzera eraman dute. Laugarren gaztea ezin izan dute atxilotu, oraingoz; atxilotutako beste hirurak aske gelditu dira dagoeneko.

Ernai gazte antolakundeak atxiloketa gehiago eman daitezkeela ohartarazi du. Halaber, dozenaka pertsonak manifestazioa egin dute arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, gertatutakoa salatzeko eta "euskal gazteriaren aurka ematen ari diren erasoen aurrean kaleak hartzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago