Lau gazte epaitu dituzte Gasteizen 2020ko greba orokorraren harira

Elkarretaratzea egin dute epaitegien aurrean. / Argazkia: ELA

Lau lagunen aurka abiatutako epaiketaren oinarria "muntai polizial bat" dela salatu du Eskubide Sozialen Kartak, eta absoluzioa eskatu du beraientzat.

Lan, pentsio eta bizi duinen alde borrokatzea ez da delitua! lelopean, Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egin du gaur Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean. Izan ere, bertan lau gazte epaitu dituzte gaur, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorreko protesten harira.

Elkarretaratzean, epaitutako pertsona horien absoluzioa eskatu dute. Elkartasuna adieraztearekin batera, "pobretzearen aurka zein lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen eta aliantzak ehuntzen" jarraitzeko asmoa berretsi dute: "Epaiketa honek muntai poliziala du oinarri, eta eskubide sozialen defentsan borroka egiten dugun guztiok beldurtu eta kriminalizatzea du helburu".

"Greba orokor hartan Hego Euskal Herrian milaka langile eta herritar mobilizatu ginen, eta lan, pentsio eta bizi duinak izateko eredu aldaketa eskatu genuen kaleetan. Borroka horrek gaurkotasun osoa du. Horren ostean bizi izan ditugu pandemia, Ukrainako gerra, eta bizitzaren neurrigabeko garestitzea eta prekarizazioa", gogorarazi dute elkarretaratzean.

Joan den larunbatean, Eskubide Sozialen Kartak beste mobilizazio bat deitu zuen hiriburuetan, baita Gasteizen ere. "Lan pentsio eta bizi duinen norabidean pobretzeari balazta jarri behar diogu. Posible eta beharrezkoak dira aberastasunaren banaketa, soldata eta pentsioen eros ahalmena galtzen ez jarraitzea, eta genero arrakalarekin amaitzea, diru sarrera duinak bermatzea, zerbitzu publiko unibertsalak bermatu eta indartzea, etxebizitza, energia, elikadura eta, oro har, eskubide sozialak pertsona guztientzako bermatzea, zaintza lanak banatzea, baliabide naturalak eta ekosistemak zaintzea", aldarrikatu dute. "Horretarako, politika publikoen lehentasunak aldatu behar dira berehala, eta eredu sozioekonomikoaren eraldaketari ekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide