Iruña-Veleian lan berriak egiten ari dira egunotan. Diputazioak enpresa espezializatu bat kontratatu du teknika geofisikoen bitartez hiru lursailetan ezkutuan gera daitezkeen egituren eta objektuen berri izateko. Zeregin horietan espezializatuta dagoen Geozone enpresak egin ditu 6,5 bat hektareatan arakatze lanak. Joan den asteko asteartetik larunbatera arte ibili dira lanean, eta bigarren kanpaina bat egitekoak dira oraindik.
Maiatzean Ana del Val Kultura diputatuak aurreratu zuen diputazioak 2022-2025 tarterako plana egina zuela, eta aztarnategian "etapa berri bati" ekin nahi ziotela. Diputazioaren eta Jaurlaritzaren artean milioi bat euro baino gehiago inbertituko zutela ere aurreratu zuen Del Valek, eta ikerketa berriak abiatzeko prospekzio geofisikoak egingo zituztela.
Ikerketa horiek joan den astean hasi dira, ALEAk aurreratu ahal izan duenez. Valentziako Geozone enpresak bi teknika osagarri erabili ditu aztarnategian: magnetometroa eta georradarra.
"Magnetometroan, zortzi sentsore dituen array sistema bat erabiltzen ari gara", azaldu du Jose Vicente Fuente teknikariak. "Egurrezko egitura baten gainean jarrita dauden radiometroak erabiltzen ditugu. Horiek 50 zentimetro bakoitzeko datu magnetiko bat jasotzen dute. Beraz, laginketa tasa oso handia da, eta, horri esker, prospekzioa nahiko azkar egiten ari gara".
Adituak teknikaren oinarria laburbildu du. "Lurpean egon daitezkeen egiturek eragin ahal dute portaera magnetikoan. Hau da, lurpean gorputz bat baldin badago, alterazio magnetiko bat sortzen da, eta hori erregistratuta geratzen da sentsoreetan. Gero, informazio hori guztia geoerreferentziatuta erakutsi ahal dugu, GPS batek puntu bakoitzaren informazio zehatza jasotzen duelako". Modu horretan, mapa moduko bat sortzen da, eta interes arkeologikoa izan dezaketen anomaliak azaleratuko dira.
Materialaren arabera
Material guztiek ez dute berdin eragiten eremu magnetikoan, eta horrek beren osaketaren zantzuak ematen dizkiete ikertzaileei. "Adibidez, metalek asko aldatzen dute eremu magnetikoa, imantazioa eragiten dutelako. Modu berean, erreketa bat jaso duten materialak ere oso ondo atzematen dira, erantzun indartsua ematen dutelako"
"LURPEAN DAUDEN OBJEKTUEK ERAGIN AHAL DUTE PORTAERA MAGNETIKOAN". JOSE VICENTE FUENTE
Erabilitako bigarren teknologia ezagunagoa da. "Georradarraren kasuan, antena batek seinale elektromagnetiko bat igortzen du beherantz; erradiazio kono bat sortzen da, eta horrela objektuekiko dagoen distantzia ezagutzen da". Bigarren teknika honetan hobe bereizten dira estratuak, ia hiru metrora arteko sakontasunera iritsita.
Georradarra
Teknika hauen bitartez, ikusezin dirudiena ikusarazi ahal dute geofisikariek. Informazio hori, noski, oso baliotsua izango da arkeologoentzat, horren arabera erabaki ahal izango baitute non dauden induskatzeko tokirik onenak.
Diputazioak egindako eskaerari jarraiki, hiru lursailetan arakatu dituzte: harresiaren eta parkingaren arteko eremuan, aztarnategirako sarreran, eta oppiduma zatitzen duen bidearen inguruan zein ekialdeko harresian.
Behin prospekzioa eginda, txosten bat egingo dutela aurreratu du Roberto Fabregad gerenteak. "Guk interpretazio tekniko bat egingo dugu, baina gero interpretazio arkeologikoa proiektuaren arkeologoen esku geratuko da", azaldu du. Zerbait ikusi ote duten galdetzean, zuhur azaldu da Fabregad. "Lan hauetan anomaliak ikusten dira, eta noizean behin badira atentzioa ematen dizuten gauzak. Baina ezin daiteke interpretazioa unean egin; gero iragazkiak eta prozesatze informatikoa egon beharko da".
"ANOMALIAK IKUSTEN DIRA, BAINA EZIN DAITEZKE UNEAN INTERPRETATU". ROBERTO FABREGAD
Momentuz inguruan dagoen arkeologo bakarra Qark enpresaren ordezkari bat da, baina halako lanetan ohikoak diren jarraipen arkeologikoa egitera mugatu da, aztarnategian lanak taxuz egiten direla ziurtatzeko.
Alabaina, ez dirudi arkeologo horrek buruhauste gehiegi izango duenik, Geozone enpresan aspalditik ohituta daudelako ondarearekin harremana duten gaietan lan egiten. Besteak beste, antzeko zundaketekin Kristobal Kolonen lehen hilobia aurkitu berri dute
Valladoliden, eta Ponpeiako aztarnategi entzutetsuan ere ibili dira lanean. "Horrez gain, askotan lan egiten dugu memoria historikoaren alorrean, errepresaliatuen aztarnen bila", argitu du Fabregadek. "Baita azpiegitura handiak egin baino lehen egin behar diren azterketa arkeologikoetan, edo eta zubi zein eraikinen patologiak atzemateko lanetan ere".
Hortaz, momentuz itxaron beharko da lehen emaitzak ezagutu arte. Dena dela, itxaropentsu azaldu da Fuente teknikaria: "Hor behean zerbait egotekotan, jakin jakingo dugu".