Hertzainak-en azken kontzerturako sarrerak azaroaren 30ean salgai

Erredakzioa 2022ko aza. 24a, 12:10
'Gari', Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta 'Txanpi', Montehermosoko prentsaurrekoan. / ALEA

"Berpizte kolektibo bat" izan nahi du azkenak, urtarrilaren 6an Gasteizen, Mendizabalan. Besteak beste, Ruper Ordorika, Oihane Perea, Dupla, Mikel Urdangarin, Miren Narbaiza eta Iñigo Etxezarreta batuko dira.

Urtarrilaren 6an agur esango du Hertzainak taldeak Gasteizen, 20.000 lagunentzako Mendizabalan eskainiko duten kontzertuarekin. Karpa klimatizatu batean izango da emanaldia: 19:00etan irekiko dituzte ateak, 20:00etatik aurrera hainbat gonbidatu igaroko dira oholtzatik, eta, azkenik, 22:00etan hasiko da Hertzainak-en azken kontzertua.

Sarrerak azaroaren 30ean jarriko dituzte salgai, 10:00etatik aurrera, www.hertzainak.eus webgunean.

2019ko kontzertuek sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien Josu eta Garari: "Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu beharko genuke. Bertan hasi zen dena, eta bertan bukatzea zor diogu". Eta hala izango da.

Duela hiru urteko kontzertu horiekin alderatuta, bi nobedade nabarmendu dituzte gaur Montehermoson eskaini duten prentsaurrekoan; Gorka Urtaran Gasteizko alkatea bertan izan da ere. Alde batetik, Luis Javier Saiz Txanpi hasieratik taldearen bateria izan zenak parte hartuko du kontzertuan. Azken hori, gainera, "berpizte kolektibo bat" izatea nahi dute: "Orduko porroten eta gaurko lorpenen balantza bat. Orduko lorpenen eta gaurko porroten gorazarre bat". Eta hamaika gonbidatu izango dira horretarako.

 

Hamabost artista gonbidatu

Gonbidatuen zerrenda luzea da: Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren, Dupla, Iñigo Etxezarreta, Xabi Igoa, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika, Oihane Perea, Mikel Urdangarin eta Iñaki Viñaspre. "Aspaldion askoren ahotan dagoenarekin bat eginez, transmititu dezagun euskarazko kantagintzaren historia eta oraina biharkoek euskaraz kantatzeko hautua egin dezaten, euskarazko kantagintzak luzaroan bila dezan bere bidea".

"2019ko kontzertuak nostalgia barik, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bazituzten, mundua inarrosi zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoaz eskainiko ditugu Hertzainak-en kantak", nabarmendu dute Garik eta Txanpik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide