Azkena gure alde izenburupeko bira batekin, behin betiko agur esango du Hertzainak-ek. Horretarako, 1981. urtean Araban sortutako taldearen formazio klasikoa berreskuratu eta kontzertu sorta bat eskainiko du. Irailaren 29an emango dituzte xehetasun guztiak, Bilboko Itsasmuseoan 11:00etan egingo duten prentsaurrekoan. Hala ere, ALEAk baieztatu ahal izan duenez, bira horren zein taldearen ibilbidearen azkena Gasteizen izango da.
Euskal Rock Erradikalaren zein Euskadi Tropikala delako mugimenduaren soinu-bandari berebiziko ekarpena egin zion Hertzainak taldeak, 80. eta 90. hamarkadetan, besteak beste Josu Zabala, Gari, Kike, Txanpi, Delfo, Tito, Kurro edo Bingen Mendizabalen eskutik, baita garaiko pertsona askoren kolaborazioekin ere.
Betirako gure oroimenean gelditu dira Hertzainak (1984), Hau dena aldatu nahi nuke (1985), Salda badago (1988), Amets prefabrikatuak (1990) eta Denboraren orratzak (1992) lanak, baita 1991n grabatutako zuzeneko diskoa ere. Oraindik ere, folk, rock, punk eta jamaikar doinuak nahastu eta euskal musika goitik behera eraldatu zuen taldearen ereserki errebelde eta adar-jotzaileak gaur egungo gazteengana iritsi dira.
Taldea 1993an desegin zen ofizialki. Horren ostean itzulera xume batzuk egin dituzte —2012an Hell Doradon, Tito Aldamaren omenez; edo 2019an Bilboko Kafe Antzokian eta beste zenbait emanalditan, Josu eta Gariren eskutik—, eta taldekideak bestelako proiektu batzuetan murgildu dira.
Hala ere, hiru hamarkadaren ostean, lehen aldiz oholtzara itzuliko da taldea beste zenbait musikarirekin: Gari gitarra eta ahotsean, Josu Zabala baxuan eta trikitixan, eta Luis Javier Saiz Txanpi baterian.