Euskaraldia

Piztu dute hitzez ekiteko aldia

Erredakzioa 2022ko aza. 17a, 20:11
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan eman diote hasiera Euskaraldiari. / Alea

Euskaraldiak iraungo duen hurrengo hamabost egunetan hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz "bide berriak urratzeko" deia egin dute.

Piztu dute Euskaraldia. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean, milaka lagunek ekingo diote ariketari. Berriz ere, kaleak beteko dituzte, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazagoa izan dadin. Eta lehendabiziko hauspoa Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eman diote gaur. Aurkezpen ekitaldia festa giroan egin dute. Ipurbeltz haurrentzako antzerkiarekin berotu dute jaia, eta jarraian heldu da ekitaldi nagusia, bakoitzak txapa jarri eta talde argazkiarekin.

Haurrentzako antzerkiarekin berotu dute Euskaraldiaren hasiera gala. / Alea

Hitzez ekiteko garaia da, eta hala erakutsi dute arratsaldean bildu diren dozenaka lagunek. "Hitza eskainiz eta hitza eskatuz jokatzen dugu ahobizi edo belarriprest. Hitzekin eraiki ditzakegu zubiak, josten ditugu sareak. Hitzez sentitzen gara komunitate. Hitzarekin elkar eragiten dugu",  gogoratu dute txalo artean aurkezpen ekitaldian, eta erronka berriak ere aurkeztu dituzte: "15 egunetan hitzez arakatuko ditugu ezezagunak zaizkigun territorio berriak"

Txapak soinean, Euskaraldia hautuak "harrotasunez" erakutsi eta probatzeko garaia dela gogoratu dute. Ingurukoei nahia erakusteko garaia: "Garaia da urrats sendoak emateko, hautu pertsonal eta kolektiboak gehituz bide berriak urratu eta ohiturak zein joko-arauak aldatzeko".

Hurrengo egunetan hitzez ekiteko gonbidapena, azken batean: "15 egun ditugu hitza ekintza bihurtuta, lorpen berriak izateko. Lorpen txiki, ertain eta handiak. Milaka, milioika lorpen. Lorpen askoren gehiketarekin aldatuko baititugu gizartearen inertziak ere". Izan ere, hitzak mugitzeko eta mugiarazteko boterea duela gogoratu dute: Hitzez ekinez gu geu mugituko gara eta gure ingurukoak mugiaraziko ditugu, baita mugiezinak diruditenak ere".

Gasteiz Kantuz-eko kideek girotu dute Jimmy Jazz aretoa ekitaldi nagusiaren ostean, eta musikarekin jarraituko du Euskaraldiaren hasierako jaiak: 21:00etatik aurrera Hala Bedi tabernan izango dira Lenoir & Mice.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide