Pantailak Euskaraz euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko herri ekimenak Pantailaldia egitasmoa antolatu du datorren azaroaren 11tik 18ra. Pantailaldia Euskaraldiaren testuinguruan antolatutako ariketa kolektiboa izango da, euskararen erabilera areagotzeko xedea duen Euskal Herri mailako ekimen honen sinergiak aprobetxatuz antolatuko dutena.
Bi helburu nagusi izango ditu. Lehenik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa areagotzea. "Telebistan, zineman, streaming plataformetan, Youtuben, bideo-jokoetan... dauden euskarazko kateak, baliabideak, euskal sortzaileen lanak zein nazioarteko euskaratutako edukiak kontsumitzeko ohitura zabaldu nahi du Pantailak Euskaraz ekimenak euskal komunitate linguistikoan. Pantailetan kontsumitzen dugunak hizkuntza ohituretan eragin zuzena du, eta beraz, herritarrak euskarazko kateak eta edukiak hautatzera bultzatu nahi ditu", azaldu dute antolatzaileek.
Bigarrenik, "euskaldunok ikus-entzunezkoak euskaraz bizitzeko ditugun muga eta gabeziak agerian uztea" du xede. Esandakoaren arabera, gauza jakina da pantailen munduan euskarak duen presentzia "oso baxua" dela. Pantailaldia ekimenaren bidez, astebetez euskarazko ikus entzunezkoak soilik kontsumitzeko (eta sortzeko) ariketa egitea proposatzen dute, "herritarrek horretarako dituzten zailtasunen kontzientzia hartzea eta erakundeen aldetik euskararen presentzia eta erabilera ikus-entzunezkoetan biderkatzeko neurri berriak beharrezkoak direla" azaleratzeko asmoz.
Izan ere, azken ikerketek alarma guztiak pizteko moduko datuak utzi dituzte mahai gainean. "Batetik, UEMAk gazteen ikus-entzunezko ohiturei buruz egindako azterketak herririk euskaldunenetan ere pantailetan erdara jaun eta jabe dela erakutsi du".
Era berean, Soziolinguistika Klusterrak eginiko Kale Erabileraren neurketan ikusi ahal izan da 2006tik 2021era puntu bat baino gehiago jaitsi dela euskararen kale erabilera Euskal Herrian, eta beherakada bereziki nabarmena izan dela azken bost urteotan arnasgune gehienetan.
Ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitzean izandako bizipenak partekatzeko deia egin dute
Honek iraultza digitalak ekarritako baliabide eta kontsumo ohitura berriekin lotura zuzena duela uste du Pantailak Euskaraz ekimenak (2006an smartphoneen sorrera; 2010an Youtube; 2016tik hona streaming plataformak). Pantailak Euskarazek euskaldun komunitate osoari Pantailaldian parte hartzeko deia egin dio. Izena emateko, pantailakeuskaraz.eus webgunean sartu eta bertan aurkituko duten formularioa betetzea nahikoa izango da.
Azaroaren 11tik 18ra, ekimenean parte hartuko duten herritarrei egunero ikus-entzunezkoak euskaraz kontsumitu edo sortzeko izandako bizipenak eta zailtasunak partekatzeko deia egiten die, horretarako sare sozialetan #pantailaldia traola erabiliz, eta euren profiletan Pantailaldiaren logoa jarriz. Aste osoan zehar, gainera, hainbat ekimen antolatu eta hauetan parte hartzeko deia ere egingo du Pantailak Euskarazek, hala nola "azaroaren 13an, igandearekin euskaldunok zinemetan bizi dugun diskriminazioa salatzeko burutuko duen protesta".Pantailak Euskarazek, beste alde batetik, ozen salatu du Twitter sare sozialean ekimenak zuen kontuaren itxiera. Urriaren 11n bizitako ziber-eraso edo hackeo baten ondorioz, hainbat mezu eta bideo arraro agertu ziren bere kontuan, eta handik egun batzuetara, normaltasuna itzulia zela zirudienean, Twitterrek bertan behera utzi zion kontua, antza denez, arau-hauste bategatik.
Pantailak Euskarazek hainbat ohar helarazi dizkio Twiterri erasoaren berri eman eta kontua berreskuratzeko eskatuz, baina erabakia behin betikoa dela erantzun dio enpresak. Hizkuntza eskubideen eta adierazpen askatasunaren errespetua eskatuz sinadura bilketa abiatu du ekimenak