Juanjo Egizabal artista hil da

Erredakzioa 2022ko azaroaren 3a

Arka plazako Ibiltaria eskultura. / L. Sanchez

'Ibiltaria' eskultura ikonikoagatik ezaguna bada ere, beste hainbat lan ere egin zituen; besteak beste, Cicatriz taldearen 'Inadaptados' diskoaren azala sortu zuen.

Gasteizko Arka plazako Ibiltaria (El Caminante) eskultura izan zen Juanjo Egizabal (Errioxa, Espainia, 1961-2022) artistaren lan ezagunena, baina beste hainbat eskultura eta alor desberdinetako lanak ere egin zituen. Txile kaleko dolmena, esaterako, Joxe Migel Barandiaranen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko eskultura, ere berak egin zuen, eta Freak Gasteizko punkaren aitzindari izan zen taldeko kidea ere izan zen; hainbat azal ere diseinatu zituen taldeentzat, tartean Cicatrizentzat. 61 urterekin hil da.

Gaztetan heldu zen Gasteizera, eta han bizi zen ordutik. 1980ko hamarkadaren erdialdean hasi zen ezagun egiten hiriko kultur munduan, Udalak antolatzen zituen eskultura tailerren bidez. Ordukoa da Arka plazan dagoen Ibiltaria, beira zuntzez eta poliesterrez eginiko eskultura, lau urte geroago brontzez moldatu zutena. Industria hondakinetako metalak ere erabili zituen bere lanetan; material horiekin osatu zuen, esaterako, Maratoi herrikoiari omenaldia eskultura (1984), Marco Ibañez de Mataukorekin batera, eta bere beste hainbat eskultura ere ikus daitezke Gasteizen.

Punk musikarekin ere izan zuen harremana Egizabalek, eta horren lekuko da Cicatriz musika taldearen Inadaptados lehen diskorako egin zuen azala. Freak taldeko kide aizan zen, eta harenak dira Cicactrizek kantatzen zituen zenbait abestiren hitzak.

Cicatriz taldearen Inadaptados diskoaren azala sortu zuen Egizabalek. / Cicatriz

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago