Inoiz mugitzen ez direnek eztabaida mugiarazi dute. Estatuak erortzen hasi dira munduan zehar. Ez dakigu zenbat, baina hedabideen errepikapenari esker milaka iruditzen zaizkigu. Hedabideek ere, mugitu gabe, mundua nahiera mugiarazten dute.
Txikitan estatua bat zen nire kutunena. Mendizorrotza pabilioi ondoan zegoen. Orain bilatu dut izena: Homenaje al marathon popular. Juan Jose Egizabalek Marco Ibañez de Mataukorekin batera egindakoa. Herdoildutako piezekin egin zuen, industria-hondakinekin. Metalezko Frankenstein hura izugarria zen, beti sprintean, hiriak runnerren abdukzioa onartu baino askoz lehenago. Egizabalek ere El caminante sortu zuen 1985ean. Niretzat bi artelan horiek dira onenak Gasteizen. Aldecoa gehituko nuke, baina badakit literatura-zaletasuna dela aitzakia.
Ibilbidea jarraitzen badugu, burura etortzen zait, esate baterako, Marsalisena, Gasteiz jazz hiribururen bat dela gogoratzen duena. Hor dago Follettena, marketinaren menpe zoratzen garela oihukatzen duena. Edo zezenkaria, paseilloei omenaldia egiteko jaioa… zergatik ez zen blusa edo neska bat izan? Pentsatzen jarraitzen badut, asko agertzen dira. Dato eta Iradier Floridan. Lauaxeta El Carmen ondoan. Moraza Probintzia Plazan...
Ez dakit zergatik, baina lagun zehatz bati eskainitako artelan horiek etortzen zaizkit burura beste mota batzuetakoak agertu aurretik. Ez zaizkit gustatzen. Eta, askoz gehiago, ez dakit haiek ere zer pentsatuko zuten haien izoztutako aurpegiak ikusiz gero. Beno, Marsalis eta Follett, badakigunez bi gasteiztar peto-petoak, pozik agertu ziren haien ondoan argazkietan. Munduan zehar horiek bezalako obra asko –gizonak, batez ere, konturatzen ari garenez– erortzen ari dira, zapalduta, itota, txikituta. Amerikako Estatu Batuetan Coloni eskainitako estatuak, adibidez, nahiz eta hura ez zen herrian egon. Orduan, zergatik sortu zuten?
Ez da oso seinale ona artearen kontra joatea, baina niretzat obra horiek ez daukate zerikusi askorik artearekin. Benetako sortze-bultzadarik gabe egindako artelanak dira, idazleek politikarientzat diseinatutako diskurtsoak, zinegileek filmatutako telebista-iragarkiak, edo margolariek erregeei egindako erretratuak bezala.
Artea ez da helburua sortze mertzenario horietan, ezta egungo erasoetan ere. Boterearen kontra egitea da asmoa, eta, hilak ikusita, sen hori gutxienez ulergarria egiten zait. Boxeo-zakuak baino ez dira estatuak, eta minik gabe erortzem dira. Gainera, ez da estatuaren berezko ibilbidea izango? Jaiki... Erori. Hor dago koxka. Mugimenduan, eta zapaldutako mundu honetan hedabideek ondo interpretatu behar dute.
Bitxia da… Konturatzen ari naiz nire obrarik gustukoenak mugitzen ari direla. Ibiltaria eta korrikalaria. Azken hori duela hogei bat urte kendu eta ez dakit nora eraman zuten. Ba al dakizue? Edo... hobe, ez esan. Azkenean herdoildutako giharrak mugitzen hasi zela pentsatzea nahiago dut. Korrika egiteko sena osatu zuela.