Berria egunkariak argitaratu duenez, astearte honetan Gasteizko epaitegiko Maria Eneida Arbaizar epaileak berretsi du klinika bateko atean abortuaren aurkako protestak egitea debekatuta dagoela. Rioja kalean kokatutako Askabide Klinikaren salaketa batek eragin du prozedura judiziala, eta, kasu honetan, 100 metroko urruntze agindua ezarri die protesta antiabortistak antolatu ohi dituen 40 Días por la Vida elkarte ultrakatolikoari.
Donostiako epaitegiek emandako bi ebazpenen oso antzekoa da gaurkoa. Are gehiago, haurdunaldia etetera joaten diren emakumeen eta klinika horietako langileen aurkako jazarpena "adierazpen askatasun" gisa justifikatu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurka doa epaia.
Epaileak ebazpenean azaldu duenez, adierazpen askatasuna eta legeak aitortutako eskubide bat egikaritzea kontrajarrita daude auzi honetan. Gogorarazi duenez, gainera, Zigor Kodearen azken erreformaren ostean, abortatzeko eskubidea gauzatzen duten emakumeen aurkako jazarpena zigortuta dago.
"Argi dago beren asmoa abortuaren aurkako jarrera agerian uztea dela, eta hori guztiz zilegi da; baina, aldi berean, zentroko erabiltzaileei eta profesionalei haurdunaldia eteteko erabakiari uko egitea ere bada asmoa", argudiatu du Arbaizarrek. Horrekin batera, protesta egiten dutenen eskubidea "beste edozein lekutan" gauza daitekeela azpimarratu du.