Asteazken honetan, urriaren 12an, Araba Bizirik plataformako 30 bat kidek bizikleta hartu eta Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik Billodaraino (Iruña Oka) abiatu ziren, AHTarentzako Burgos-Gasteiz trenbide-korridore berria eraikitzeko obren hasieraren aurrean.
"Gaur egungo trenbidearen paraleloan, bidaiariak bakarrik bidaiatzeko izango den eta merkantzien garraioa kanpoan utziko duen" azpiegituraren obra gelditzeko eskatu dute Araba Bizirik-ek eta AHTaren aurkako eta tren sozialaren aldeko plataformek. "Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, autopista bat eraiki nahi du autobia baten ondoan".
Era berean, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari eskatu diete Arabarako trenbide garraio politika berbideratzeko, "egungo bideak egokitzean eta hobetzean oinarrituz, mota guztietako trenak ibil daitezen, Ministerioa Kantauri-Mediterraneo korridoreko beste zati batzuetan egiten ari den modu berean".
"Egungo trenbide-autobia hobetu beharrean, kostu ekonomikoa eta lurraldearen gaineko inpaktua askoz ere txikiagoak izanik, guztionak diren milaka milioi euro xahutu nahi dituzte, Arabako lurraldea txikituz, gutxi batzuek erabiliko duten trena eraikitzeko", ohartarazi dute.
"AHTrik ez, tren soziala bai"
Gogora ekarri dutenez, 2021eko maiatzean, Araba, Nafarroa eta Burgosko trenaren aldeko plataformek, ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatu gehienekin batera, eskakizun horretan oinarritutako akordio zabal bat aurkeztu zuten.
Aurtengo ekainean, plataforma horiek, Burgos-Gasteiz-Iruñea-Castejon tarteak hobetzeko eta egokitzeko hiru ingeniarik diseinatutako alternatiba-azterlanaren zirriborroa aurkeztu zuten. "Alternatiba horrek Ministerioak proposatutakoak baino 1.500 milioi euro gutxiago balioko luke. Bidaia-denboren aldea hamar minutukoa litzateke Burgos-Gasteiz tarterako, eta zortzi minutukoa Gasteiz-Iruñea tarterako", gaineratu dute.
