2021eko maiatzean AHT lineen proiektuak ordeztu eta egungo trenbideak hobetzeko AHTaren aurkako plataformek eta sektoreko sindikatu nagusiek aurkeztutako akordioaren ildotik, Burgos, Araba eta Nafarroako trenaren aldeko plataformek crowdfunding kanpaina berri bat abiarazi dute, Trenaren Aldeko Alternatiba izenburupean.
Horren helburua honela laburbildu dute: "Gaur egun AHTarentzako tren korridore esklusiboa den proiektuaren aurrean, benetako azterlan alternatiba bat lantzea. Azterlanak egungo trenbidearen bikoizketan eta honen hobekuntzan eta doikuntzan datza, Nafarroari dagokionez. Proposamen sendo honek gaur egungo azpiegituren hobekuntza garrantzitsua suposatuko du, egungo trazatuak dituen gune korapilatsuen desagerpena, lurperatzeak eta saihesbideak, besteak beste".
Azpimarratu dutenez, azterlanari esker "mota guzietako" trenen igarotzea ahalbidetuko litzateke egungo trenbidetik: goi abiadura eta prestakuntza handiak, distantzia motz, ertaineko eta luzeko trenak, merkantziak, eta abar.
Proposamenak ADIFen eta RENFEn ordezkaritza duten sindikatuen —UGT, CCOO, CGT-LKN, SF, SCF eta SEMAF— babesa du. Gainera, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak daraman trenbide politikari "jarraitasuna" ematen diola nabarmendu dute, "Mediterranear-Kantabriar Korridoreko hainbat bide tarteetan egin duten bezala".
Helburu ekonomikoa: 12.000 euro
Araba Tren Sozialaren Alde (Araba), Nafarroa Trenaren Alde (Nafarroa), Miranda Por el Tren (Burgos) eta Bureba es Futuro (Burgos) plataformek sustatutako crowdfunding kanpainaren helburua bi hilabeteko epean 12.000 euro biltzea izango da, azterlana finantzatzeko.
Horrela, azaldu dutenez, trenbideetako ingeniaritza azterketa batek bermatuko duen alternatiba bat garatu ahal izango dute, "kontsentsu handiago batez egina eta lurraldearen kohesioa ziurtatuko duena, bertako biztanleen beharretara egokitua".
"Gaitasun teknikoak gehituko zaizkion alternatiba izango da, merkantzien garraiorako ere balioko duena, eta ingurumenari kalte askoz txikiagoak eragingo dizkiona", gaineratu dute. "Azterlana hobetua izango da trenbidea pasatzen den hainbat herritan egingo ditugun batzarretatik aterako diren ekarpenekin: trazatu aldaketak, lurperatzeak, zarata kalteak txikiagotzea...".
"Larrialdi klimatiko baten aurrean dago gizateria. Ezinbesteko lehengaien agorpena gertatzen ari da, eta geroz eta gatazka handiagoak ekonomia lurperatzen ari dira. Egoera larri honen aurrean, baliabideen eta aurrekontuen erabilera zorrotza inoiz baino garrantzitsuagoa suertatzen da", ohartarazi dute.
Azterlanaren eta kanpainaren inguruko informazioa webgune honetan txertatzen joango dira.