Ostiral honetan, Arabako trenbide sektorean ordezkaritza duten sindikatuek (CCOO, CGT eta Trenbideen Sindikatuarteko Sindikatua), Lautada eta Arabako Haranetako Trenaren aldeko Plataformekin batera, Nafarroa, Araba eta Burgos artean eraikitzekoak diren AHT lineen proiektua irauli dezakeen Arabako Trenbide Garraioaren aldeko Akordioa aurkeztu dute.
Euskal Herrian eraikitzekoak diren AHTren 250 kilometro berri inguru bertan behera gelditu beharko lirateke
Izan ere, akordioak proposatzen duena aplikatuko balitz, Euskal Herrian eraikitzekoak diren AHTren 250 kilometro berri inguru bertan behera gelditu beharko lirateke. Hau da, AHTaren Burgos-Gasteiz, Gasteiz-Iruñea eta Iruñea-Zaragoza proiektuak ez lirateke beharrezkoak izango, Miranda eta Altsasu arteko trenbide-korridore "moderno eta eraginkorra" lortzeko. Horrekin batera, gainera, eskualdeko garraioa hobetuko litzateke.
Prentsaurreko batean plazaratu dute akordio teknikoa, Espainiako Gobernuak Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan. Bertan izan dira CCOOko Alfonso Rios, CGTko Jon Koroso eta SFko Alberto Diaz Urruchi; baita AHTren aurkako mugimenduko bozeramaileak, Iñigo Leza eta Iñigo Hernandez. Bertan eta Diputazioan entregatu dute dokumentazioa, erakundeek horren berri izan dezaten.
Gainera, probintzia bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako antzeko proiektuak aurkeztu dituzte Nafarroako eta Burgosko erakundeetan ere. Miranda Ebron, Jose Luis Abalos ministroari eskura eman diote akordioaren dokumentua.
Akordioaren gakoak
Akordioaren oinarria da eskaera bat helaraztea Espainiako Gobernuko Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioari eta Arabako foru gobernuari Arabarako trenbide garraio politika berregoki dezaten. Horretarako, lau proposamen plazaratu dituzte Miranda eta Altsasu arteko korridorean:
- Egungo trenbidearen trazadura egokitu eta hobetzea; besteak beste:
- Linea birgaitzea, puntu gatazkatsuak kentzeko.
- Tunelak egokitzea.
- Tren eraginkorragoak erabiltzea.
- Egungo geltokiak eta geralekuak mantentzea, probintzia egituratzen lagunduz.
- Trenbide proiektuaren plangintza birbideratzea, eta "prestazio handiko trenak xede horretarako hobetutako eta egokitutako egungo korridoreetatik iristearen aldeko apustu garbia egitea".
- Plangintza "berehala" gauzatzea, Araba Espainiako estatuko zein Europako trenbide-sareekin konektatzeko eta isolatuta gera ez dadin.
- Tren zerbitzuak zabaltzearen aldeko "apustu irmoa" egitea, herriak, hiriak eta industrialdeak lotuz, lurraldea egituratu ahal izateko eta tren bidezko salgaien garraioa handitzeko.
AHTren aurkako plataformek eta Adif eta Renfeko sindikatuek azpimarratu dutenez, Espainiako Garraio Ministerioa sistema hori iragarri du dagoeneko Kantauri-Mediterraneo korridoreko beste zati batzuetan: Castejon-Logroño eta Teruel-Zaragoza tarteetan, adibidez; eta Frantziako Gobernua gauza bera egiten ari da Hendaia-Bordele linean.
Araban ere trenbide politika horren araberako irtenbideak hartzeko eta beren proposamena babesteko eskatu diete erakundeei; bereziki, Eusko Jaurlaritzari eta Aldundiari. "Jarduketa horiek orain arte gauzatzekoak ziren proiektuek baino askoz ere epe laburragoak eskatzen dituzte eta inbertsio kostu txikiagoa dute", nabarmendu dute. "Proposamen hau justifikatuta dago, eta errentagarritasun handia du".
Proiektuaren balizko ondorioak
Akordioaren sustatzaileek azaldu dutenez, modu horretan, bidaiariak nahiz salgaiak garraiatzeko lineak bere edukiera handituko luke eta ibilbideen batez besteko abiadura nabarmen hobetuko litzateke, "bidaia-denbora lehiakorrak ahalbidetuz kutsagarriagoak diren beste garraiobide batzuen aurrean".
"Proposamen hau justifikatuta dago, eta errentagarritasun handia du"
Horrez gain, lanpostuak sortzea eta trenbide sektorearen barruan okupazioa berreskuratzea ere ekarriko lukeela uste dute, krisiak eta "iraganeko trenbide politikek" gogor zigortutako jarduera profesionala biziberrituz.
Salgaien garraioari dagokionez, Arabako ekoizpen lantegiekin eta industrialde garrantzitsuenekin loturiko trenbide sare "eraginkor eta lehiakorra" ahalbidetuko lukeela uste dute.
"Horri guztiari ingurumen inpaktuaren murrizketa gehitu beharko litzaioke; izan ere, azpiegitura gehiena korridore antropizatu baten barruan mantenduko litzateke, non paisaiak trenaren egungo trazadura barneratu duen", gaineratu dute.