Arabako erakundeek Euskaraldiarekin bat egin dute

Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 19:00
Atxikimendua emateko argazkia atera dute erakunde nagusietako ordezkariek. / Argazkia: AFA

Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Anartz Gorrotxategi Mendialdeko Kuadrillako presidenteak eta Pedro Elosegi Batzar Nagusietako presidenteak Euskaraldiaren hirugarren edizioarekin bat egiteko adierazpen bat plazaratu dute.

Arabako instituzioek beren izena eman dute azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo den Euskaraldiaren hirugarren ediziorako. Horretarako, Gonzalezek, Urtaranek, Gorrotxategik eta Elosegik hizkuntza ohiturak eraldatzeko ariketa sozialarekin bat egiteko manifestua irakurri dute gaur, arabar guztien izenean.

"Euskaraldia administrazio publikoak eta herritarrak elkarrekin joan daitezkeela erakusten duen ekimena da", adierazi du diputatu nagusiak. "Aurten Euskaraldiaren lelo nagusiak zera dio: Hitzez ekiteko garaia. Hitzaren bidez harremanak sortzen dira pertsonen artean, baita administrazioen eta herritarren artean ere. Harreman horiek euskaraz egin ditzakegu, ahobizi eta belarriprest motako rolei esker".

"Hala ere, administrazio barruan ere jarduteko garaia da. Euskaraldiak arigune izeneko hiztunen arteko guneak identifikatuko ditu, eta erraztasunak egongo dira horietan euskarazko elkarrizketak hasteko. Ariketa horretan, hizkuntza ez ezik, gizartea ere biziberritzen dugu", gaineratu du.

Azkenik, herritarrei parte hartzeko dei egin diete. Ahobizi edo belarriprest egiteko aukera zabalik dago jada, ekimena bera hasi arte. Entitateek, berriz, urriaren 31 arteko epea dute ariguneak jakinarazteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide