Bideoklipa

Benizzeren laugarren singlea kalean da

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 09:00

Urrea, intxaurrak eta txanpaina bere laugarren singlea kaleratu berri du Benizzek, dagokion bideokliparekin batera.

Beñat Goitia gasteiztarraren bakarkako proiektu berria da Benizze, bonboak, hi-hat-ak, grabeak, autotune geruza eta euskara oinarri hartuta, musika elektronikoa eta trap zertzeladak uztartuz. "Azken urteak hau bilatzen pasa ditut. Eta azkenean aurkitu dut. Amets asko, ideia ugari eta negar gehiegi", zioen lehen bideoklipa kaleratu aurretik plazaratutako manifestuak.

Ondoren, martxoan, lehen kolpea iritsi zen: Bazatoz. Maiatzean, ALEArekin egindako elkarrizketaren bezperan, bigarrena: Zilarrezko bala. Elkarrizketa horretan, hiru kolaborazio egongo direla aurreratu zuen Benizzek; horietako bat ekainean iritsi zen: Mamuak eta izozkiak kanta eta bideoklipa, Ruper Ordorika euskal musikariaren ahotsarekin. Benizzeren laugarren singlea da proiektu berriaren zimenduak berretsi dituen azken kanta hau: Urrea, intxaurrak eta txanpaina.

Beste hiru abesti etorriko dira datozen hilabeteetan, eta bakoitzak bideoklip batekin iritsiko da. Denak etxean ekoitzita izan dira, eta Bilboko El Tigre Estudios estudioetan gauzatuta, Jon Agirrezabalagaren laguntzarekin produkzioaren orrazketan, ahotsaren grabaketan eta nahasketan; masterizazioa, berriz, Xabier Egiarekin egin du. Aurreikusitakoaren arabera, kanta guztiak argitaratuta daudenean, diskoa atera eta zuzeneko emanaldiei ekingo die gasteiztarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide