Benizzek Ruper Ordorikaren kolaborazioa izan du 'Mamuak eta izozkiak' abestirako

Erredakzioa 2022ko eka. 17a, 17:30

Mamuak eta izozkiak izenburupean eta Ruper Ordorikaren ahotsarekin, bere hirugarren singlea kaleratu du Benizzek.

Beñat Goitia gasteiztarraren bakarkako proiektu berria da Benizze, bonboak, hi-hat-ak, grabeak, autotune geruza eta euskara oinarri hartuta, musika elektronikoa eta trap zertzeladak uztartuz. "Azken urteak hau bilatzen pasa ditut. Eta azkenean aurkitu dut. Amets asko, ideia ugari eta negar gehiegi", zioen lehen bideoklipa kaleratu aurretik plazaratutako manifestuak.

Ondoren, martxoaren 16an, lehen kolpea iritsi zen: Bazatoz. Maiatzaren 4an, ALEArekin egindako elkarrizketaren bezperan, bigarrena: Zilarrezko bala. Elkarrizketa horretan, oraingoz "top secret" ziren hiru kolaborazio egongo direla aurreratu zuen Benizzek. Horietako bat izan da hirugarren kolpea, Mamuak eta izozkiak kanta eta bideoklipa, Ruper Ordorika euskal musikariaren kolaborazioa izan baitu; oñatiarrak bere ahotsa jarri dio abestiari.

Beste lau abesti etorriko dira, bakoitza bere bideoklip propioarekin: denak etxean ekoitzita eta Bilboko El Tigre Estudios estudioetan gauzatuta, Jon Agirrezabalagaren laguntzarekin produkzioaren orrazketan, ahotsaren grabaketan eta nahasketan; masterizazioa, berriz, Xabier Egiarekin egin du. Kanta guztiak kalean daudenean, diskoa atera eta zuzeneko emanaldiei ekingo die gasteiztarrak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide