Elektronika eta trap zertzeladak, Benizze abiatzeko

Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 13:21

Proiektu zabalago baten 'Bazatoz?' lehen alea aurkeztu du Beñat Goitiak, Montauk-ekin egindako ibilbidearen ostean.

Beñat Goitia gasteiztarrak proiektu berria aurkeztu du: Benizze. Montauk-ekin bi disko argitaratu ostean, aldaketak izan dira, eta proposamen berriarekin dator. "Mundua aldatu egin da, eta baita ni ere. Ezin gara ezer gertatu izan ez balitz bezala 2019ko moldeetara itzuli. Belaunaldi oso bat ate joka dago, dantzarako gogoz", azaldu du musikariak.

Bilboko El Tigre estudioetan grabatu ditu zenbait kanta Jon Agirrezabalagaren produkzioarekin, eta Xabier Egiak masterizatu du lana. Gutxinaka aurkeztuko du proiektu osoa, ordea. Momentuz lehenengoa: Bazatoz?. "Frantziar elektronika, trap zertzeladak, dotorezia alemana eta autotune geruza" uztartzen dituena. Hiru kolaborazio aurkeztuko ditu: "Euskal Herriko bi erreferente nagusiak eta egun xarmarik handiena duen euskal taldea. Laster....  Ziur naiz hau dela nire bizitzako diskoa". Diskoa euskaraz egin du Goitiak, "aitzakirik gabe".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago