Energia hornikuntzaren tartaren zati bat eramateko lasterketa jokatzen ari da azken urteetan Araban, batik bat fotovoltaikoa eta eolikoa ustiatzea helburu duena. Ez da ordea herrialdean jokatzen den lehen lasterketa. Arabar askorentzat kontu ezezaguna bada ere, aurreneko energia lasterketa hidrokarburoena, eta zehazki petrolioarena izan zen, XX. mendearen hasieran. Gauza asko aldatu dira, baina ez hainbeste.
Hirurogeitik gora petrolio putzu ikertu ziren Araban laurogeita hamar urteko (1911-1997) denbora tartean, horietatik gehienak (39 zundaketa) 1950etik aurrera, eta 100.000 metro lineal baino gehiago zulatu ziren. Espainiako estatuan, petrolioaren eta gas naturalaren bila gehien zulatutako lurraldeetako bat da Araba, eta hain zuzen petrolioaren bila induskatutako lau metrotik bat Araban egin zen.Herrialdea Gruyere gazta bat bezala utzi zuten ikerketek, ordea, ez zuten emaitza oparorik utzi, eta petrolioaren inguruko jarduerak ez zuen apenas eraginik izan herrialdearen ekonomian eta gizartean.
1901ean, petrolioa ateratzeko lehen eskaera erregistratu zen Araban. Gasteizko arotz batek egin zuen.
Aspalditik zetorren tradizioa herrialdean, izan ere hidrokarburo solidoen meatzaritza garrantzitsuena Arabako Mendialdean zegoen, Atauri, Lagran, Maeztu, Urizaharra eta Durruma Kanpezu artean, bertako asfalto meategietan eta fabrikan. Hortaz, ez da harritzekoa XX. mendearen hasieran Espainiako estatuan hidrokarburoak ikertu eta bilatzeko sortu ziren konpainia gehienek Euskal Herrian izatea beren egoitza soziala: Sociedad Petrolífera del Ebro, Compañía Franco-Española de Petroleos, Sociedad Exploradora de Petroleos Begoña, Compañía Hispano Británica de Petróleos….
Asfaltoa egotea hidrokarburoak bilatzeari ekiteko ebidentzia esanguratsua zen, eta 1901eko uztailaren 6an petrolioa ateratzeko lehen eskaera erregistratu zen herrialdean. Gasteizko arotz batek egin zuen eskaera, Bernabe J. Gebara Gomez izenekoak, Aguraingo udalerrian asfalto, petrolio, parafina eta eskisto bituminosoa ateratzeko. Kepa Baquedanok La búsqueda de petróleo en Álava liburuan jaso duenez, urre beltzaren sukarra zabaltzen hasia zen, eta konpainia handiekin batera, zortea probatzeko prest zeuden norbanakoak ere. Halere, 1911. urtera arte ez zen kontzesio horietako bat erabili petrolio zundaketa bat egiteko, Aguraingo Paraje del Cristo izeneko eremuan. Hidrokarburoen bilaketaren historian Euskal Herrian izan den sustatzaile partikular garrantzitsuenaren eskutik etorri zen zundaketa: Ignacio Murua eta Balzola, Haraneko kondea eta Bergarako bizilaguna.
Araba, nazioarteko konpainien lehian
Alta, Espainiako Gerrak parentesi luzea zabaldu zuen. Krisi ekonomikoak eta atzerriko konpainien inbertsio faltak petrolioaren bilaketa gelditu zuten, 50. hamarkadara arte. Orduan hasi zen urre beltzaren bila benetako lasterketa, konpainia guztiek negozioaren zati bat ziurtatu nahi baitzuten. CEPSAren CIEPSA filialak hamarnaka baimen eskatu zituen lurralde osoa zulatzeko (Legution, Abornikanon, Antoñanan, Trebiñun, Guardian…), eta 500 milioi pezeta inbertitu zituen lan horietan; CAMPSAk, berriz, Kuartangon eta Urduñan hainbat eskaera tramitatu zituen; eta COPISAk Artziniega inguruan beste hainbat. 1950 eta 1960 urteen artean, petrolio jarduera izugarria eman zen; Aiaratik Arabako Errioxara edo Kanpezutik Gaubeara dozenaka eskaera egin ziren.
Baquedanok bere liburuan jaso duenez, etapa horretan, emakiden eta zundaketen kopuruari dagokionez, 59 prospekzio egin ziren estatu osoan, eta horietatik 15 Araban egin ziren, guztien %25a.
1960. hamarkadan, 59 prospekzio egin ziren estatu osoan, eta horietatik 15 Araban
Ondoren iritsi zen Hidrokarburoen Legea, 1958. urtean, eta hidrokarburoen arloko ikerketa interes nazionalekotzat jo zuen Espainiako gobernuak. Hala, legearekin batera, atzerriko kapitalak ere sartu ziren petrolioaren merkatuan, eta Araban ziharduten enpresak Alemania, Frantzia eta AEBetako konpainia ospetsuekin elkartu ziren. Zulaketen kopurua urte horietan zehar biderkatzen da, 31 izatera iritsi arte.
Baquedanok nabarmendu du puntako ikerketa enpresak aritzen zirela putzuetan. Hala, 1973ra arte, Espainiako estatuan 4.900 metroko sakonera zuen langa gainditzen zuten bost zundaketa egin ziren, eta horietako lau Araban: Kanpezun, Gaztelun, Kuartangon eta Urbasan. Alta, petrolioaren bilaketan, emaitzarik ez zegoenez, historia guztia urte gutxitan ahaztu zen, batez ere 1964tik aurrera, Ayoluengon (Burgos, Espainia) petrolioa aurkitu zutenean.
Gas-aztarnategiak bi enpresa ezagun gasez hornitu zituen: Esmaltaciones San Ignacio eta BH
Gas naturala, berriz, 1960an topatu zuten, Castillo-1 eta Castillo-2 putzuetan, Gasteiztik oso gertu, CIEPSA enpresak Gulf-Deilman enpresa alemaniarrarekin elkartuta. Aurkitutako gas-aztarnategia 1963tik 1981era egon zen martxan, eta Gasteizko bi enpresa ezagun gasez hornitu zituen: Esmaltaciones San Ignacio eta BH. Guztira, 33 milioi metro kubiko gas atera ziren bertatik. Gaztelu eremuan egindako beste prospekzioetan ia 6.000 metrora jaitsi ziren (prospekzioen errekorra), ezer interesgarririk aurkitu gabe.
Kantabriar arroaren altxorra
Lurra zulatzeko neurrigabeko lasterketa horren atzean XX. mendearen erdialdean egin ziren hainbat azterketa geografiko eta geologiko daude. Horietan ondorioztatu zuten Arabako geografiak antiklinal eta diapiro garrantzitsuak zituela, eta hidrokarburoak egoteko baldintza ezinhobeak.
Bada, hogeita bost urte geroago, Araban ustez dagoen gasaren altxor hori fracking bidez ustiatzeko aukera zabaldu zuten berriz ere, eta hainbat ikerketa-baimen eman zitzaizkion Euskadiko Hidrokarburoen Sozietate publikoari (SHESA). Hidrokarburoen lasterketa berriro abiatuko zela zirudienean, Espainiako Klima Aldaketaren legeak debekatu egin zituen halako praktikak.
Gaur, egoera energetikoa erabat aldatu da, eta Europako hainbat herrialde prest daude berriz ere energia fosiletara jotzeko –aldi baterako bada ere, berriztagarrietarako bidean–. Izan ere, EBk jada onartu du gasa eta energia nuklearra energia berde gisa sartzea. Ildo horretan, Bahía Bizkaia Gas enpresako presidente Juan Andres Diez de Ulzurrunek hitzez hitz eskatu du "hor behean dugun hori, – Gasteizko gasa–, behingoz, eztabaidarik gabe, esploratzeko". Josu Jon Imaz Repsoleko buruak ere Arabako gasa ustiatzeko debekua zalantzan jarri berri du.