Autokontsumoa egiten duen herrialdeko bigarren komunitate energetikoa da Gaztelu, Erriberagoitiko Lasierra ondoren.
Hogeita lau lagun erroldatuta daude Gaztelun, eta horietatik hamazazpi komunitate energetikoaren parte dira, kontzejuarekin eta elizarekin batera. Iñigo Ligerrek azaldu duenez, komunitate energetikoa sortzeko ideiak oso harrera ona izan du herrian. "Hasiera batean, bost lagun bakarrik izango ginela uste genuen, eta azkenean, ia herri guztia sartu da".
Iragan urtean hasi ziren lehen urratsak egiten. Lehenbizi, auditoria bat egin zuten, komunitatearen kide bakoitzaren profil energetikoa ezagutzeko eta egin beharreko egokitzapenak egiteko; ondoren, instalazioaren prototipoa egin zuten. Hala, bolatokian kokatu dituzten panelek hogei kilowateko indarra dute, eta gutxi gorabehera, etxe baten energia eskaeraren %40 edo %60 artean asetzeko balio dute.
"Oso green capital dira, baina ez dute ezer egiten, eta aldaketa klimatiko brutala dator"
Instalazio fotovoltaikoa pasa den urteko irailetik amaituta dago, eta maiatzetik ari dira energia sare elektrikoan sartzen, baina traba burokratikoak medio, gaur arte ezin izan dute autokontsumoa egin. "Maiatzetik gaur arte sortu dugun energia guztia galdu dugu: hamahiru megawat oparitu ditugu, hiru mila euro merkatuaren prezioan. Hemendik sei hilabetera ziurrenik pozik egongo gara, baina hilabete asko egon gara sortzen genuen energia oparitzen, eta autokontsumoa egin gabe".
Hasiberria den esperientzia eta araudia ere berria izateak trabatu ditu gauzak. "Lasierraren esperientziaren ostean, energia komunitate txikientzat tramite guztiak konplikatu dira. Araudia oso berria da eta bidean ikasten joan gara, baina lan asko eta ahalegin handia egin behar izan ditugu".
Prozesu horretan guztian, Gasteizko Udalaren partetik ere ez dute laguntza handirik jaso. "Udalak pilak jarri behar ditu, oso green capital dira, baina ez dute ezer egiten, eta aldaketa klimatiko brutala dator". Inbertsioaren aldetik, erdia EVEk eta Aldundiak jarri dute, eta gainontzekoa energia komunitatean parte hartzen duten bizilagunen artean.