Akordioa eta soldata igoerak lortu dituzte esku-hartze sozialean

Erredakzioa 2022ko abu. 1a, 11:00
Esku-hartze sozialeko langileak protesta batean, Aldundiaren aurrean. / Argazkia: ELA

Hiru greba egunen ostean eta irailean iragarritako beste hiru lanuzteen aurretik, aurreakordioa sinatu dute Arabako esku-hartze sozialaren sektorean. Akordioak, besteak beste, soldata igoerak jaso ditu.

Hitzarmen berria izango dute Arabako esku-hartze sozialean, hainbat hilabeteko lan gatazkaren ostean. Ekainaren 17an eta 22an eta uztailaren 14an deitutako greba egunek jarraipen zabala izan zuten, eta dagoeneko lanuzte gehiago zeuden mahai gainean, irailaren 13, 14 eta 15erako.

Hala ere, iraileko hiru greba egun horien aurretik, joan den ostiralean, aurreakordioa sinatu zuten sindikatuek eta AISA sektoreko patronalak. Horrela, hitzarmen berriak langileen eskaera nagusietako bat jasoko du: %12,9ko soldata igoera hitzarmenaren indarraldiko lau urteetan; 2021ean %0,9, 2022an %3,4, 2023an %4,5, eta 2024an %4,1.

"Negoziazioak iraun duen hilabete guzti hauetan langileek sostengatu duten borrokaren fruituak jaso ditugu. Langileon borrokak negoziazio prozesuan duen eraginaren isla da sinatu dugun aurreakordioa. Borrokak merezi du. Zorionak egin duzuen lan guztiagatik! Lortu dugu!", ospatu du LAB sindikatuak.

Gainera, sindikatu abertzaleak ohartarazi du "borrokari eutsiko" diola, "mahai negoziatzailean beharrezkoak izan diren eskakizunekin jarraituz, sektorearen erosteko ahalmena bermatuko duen eta esku-hartze sozialeko sektore osoaren lan baldintzak benetan hobetuko dituen akordio bat lortzeko".

Mila langile inguru

Araban, esku-hartze sozialeko 1.000 langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide