Lau greba egun gehiago iragarri dituzte esku-hartze sozialeko langileek

Erredakzioa 2022ko uzt. 4a, 14:15
Esku-hartze sozialeko langileen prentsaurrekoa, Aldundiaren aurrean. / Argazkia: ELA

Ekaineko bi greba egun arrakastatsuen ostean eta negoziazioen "blokeoaren" aurrean, sindikatuek lau lanuzte gehiago iragarri dituzte Arabako esku-hartze sozialaren sektorean: uztailaren 14an eta irailaren 13an, 14an eta 15ean.

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Arabako esku-hartze sozialeko sektorean ekainean deitutako hiru greba egunetan jarraipen zabala lortu ostean —ekainaren 17an eta 22an sindikatu guztiek deituta, eta 21ean ELAk antolatuta—, patronalaren "blokeoa" salatu eta langileen erosahalmena bermatuko duen hitzarmena exijitzeko lau greba egun gehiago deitu dituzte: uztailaren 14an eta irailaren 13an, 14an eta 15ean, udako oporraldiaren aurretik eta ostean.

Izan ere, azken greba egunaren ondoren, AISA sektoreko patronalak bere azken proposamena berretsi zuen sindikatuen aurrean. Enpresa batzordeak, aho batez, uztailaren 6ko bilerara proposamen bat aurkezteko eskatu zion. Joan den astean, Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Solarekin bildu ziren sindikatuak, eta bertan AISAk dioenarekin "kontraesankorrak" diren informazioak jaso zituztela salatu dute. "Beraz, beste behin ere, pilota elkarri pasatzen diote, eta erakundeen eta patronalaren gelditasunaren ondorioak langileek jasaten dituzte", deitoratu dute.

"Sektorearen aldarrikapena argia da: KPIaren araberako soldata igoerak bai ala bai, sektorearen errekonozimendua orain izan behar da eta langileen erosteko ahalmena bermatu behar da", azpimarratu dute. 

Hitzarmen berriaren negoziazioa

Araban, esku-hartze sozialeko 1.000 langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere.

Pribatizatuta dagoen sektore honentzako hitzarmen kolektiboaren negoziazioa urte eta erdi luzatu dela salatu dute. Negoziazio horietan, lan baldintzak hobetzea eta langile guztien erosahalmena bermatzea izan da langileen eskaera nagusia; sindikatuen ustez, ordea, AISA patronalaren jarrera izan da hitzarmenean atzera egitea, KPIaren igoera %11,5era mugatuz, hitzarmenaren indarraldiko (2021-2024) KPIen batura handiagoa izanda ere.

"Sektoreak ez du hori onartzeko asmorik", ohartarazi dute sindikatuek. Horregatik, KPIari lotutako soldata igoera ez ezik, 30 orduko lanaldi murrizketa, kontziliazio neurri egokiagoak, lizentzien hobekuntza eta plusen arteko bateragarritasuna ere aldarrikatu dituzte, besteak beste.

Gainera, patronalak eta sindikatuek lortzen dituzten akordioak finantzatzeko eskaera zuzena egin diote Aldundiari, Gasteizko Udalaren osoko bilkurak ekainaren 17an mozio baten bidez onartu zuen bezala.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide