Jarraipen zabala Arabako esku-hartze sozialeko langileen greban

Erredakzioa 2022ko eka. 22a, 12:00
Esku-hartze sozialeko langileak, Arabako Aldundiaren egoitzaren aurrean. / Argazkia: ELA

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek Arabako esku-hartze sozialerako sektorean ekainean deitutako bi greba egunek jarraipen zabala lortu dute. "Blokeoa" amaitzea eta langileen erosahalmena bermatzea exijitu diote patronalari.

Araban, esku-hartze sozialeko 1.000 langile inguru daude —%75 baino gehiago emakumeak—, eta gizarteko kolektibo kalteberenak artatzen dituzte: babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta gizarte bazterkeriako egoeran dauden pertsonak, baita osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak ere.

ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek ekainaren 17an eta 22an deitutako bi greba egunek "jarraipen zabala" izan dute, sindikatuek "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak inposatu" direla salatu duten arren. Gaur, bigarren egunean, langileek elkarretaratzea egin dute Arabako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean; bertan salatu dute Emilio Sola Gizarte Zerbitzuetako foru diputatuak uko egin diola sindikatuekin hitz egiteari, "joan den astean bilera bat eskatu arren". Horrez gain, ELA sindikatuak greba deialdi propioa egin zuen atzo, ekainaren 21ean, beste sindikatuekin hiru greba egun deitzeko adostasunik lortu gabe.

Pribatizatuta dagoen sektore honentzako hitzarmen kolektiboaren negoziazioa urte eta erdi luzatu dela salatu dute. Negoziazio horietan, lan baldintzak hobetzea eta langile guztien erosahalmena bermatzea izan da langileen eskaera nagusia; sindikatuen ustez, ordea, AISA patronalaren jarrera izan da hitzarmenean atzera egitea, KPIaren igoera %11,5era mugatuz, hitzarmenaren indarraldiko (2021-2024) KPIen batura handiagoa izanda ere.

"Sektoreak ez du hori onartzeko asmorik", ohartarazi dute sindikatuek. Horregatik, KPIari lotutako soldata igoera ez ezik, 30 orduko lanaldi murrizketa, kontziliazio neurri egokiagoak, lizentzien hobekuntza eta plusen arteko bateragarritasuna ere aldarrikatu dituzte, besteak beste.

Gainera, patronalak eta sindikatuek lortzen dituzten akordioak finantzatzeko eskaera zuzena egin diote Aldundiari, Gasteizko Udalaren osoko bilkurak ekainaren 17an mozio baten bidez onartu zuen bezala.

Ostegunean, hilaren 23an, 12:00etan PRECOn izango da hurrengo negoziazio mahaia, eta sindikatuek "bere egungo jarrera itxia aldatzeko" eskatu diote patronalari.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide