Akordioaren alde bozkatu dute Mercedeseko langileek

Erredakzioa 2022ko uzt. 19a, 06:30

Guztira, 4.554 langilek parte hartu dute, %94,69k./ Mercedes

Enpresaren eta gehiengo sindikalaren arteko ituna babestu dute botoen %57rekin.

Mercedeseko langileek babesa eman diote joan den asteartean zuzendaritzak eta UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek adostutako hitzarmen berriaren proposamenari; emandako botoen %57rekin egingo du aurrera.

Astelehenean Gasteizko lantegian egin den galdeketak zalantza gutxi utzi ditu, hautetsontzietara deituta zeuden 4.836 langileen artean. Lehia estua izan da akordioaren aldeko eta kontrakoen artean; emandako botoen %43 agertu dira hitzarmen berri honen aurka; akordioaren alde 2.601 boto izan dira, eta 1.939 akordio horren aurka. Guztira, 4.554 langilek parte hartu dute -%94,69-, eta 14 boto zuri eta 19 baliogabe zenbatu dituzte, goizaldeko 02:00ak arte luzatu den bozketan.

"Historikoa"

CCOO sindikatua izan da balorazioa egiten aurrenekoa. Haren arabera, "historikoa" izan da emaitza, "ezinbestekoa" lantegiaren etorkizunerako. "Historiako inbertsio handiena ekarriko du honek, baina, batez ere, langileen baldintzak hobetuko ditu". Sindikatuak, halaber, hainbat lorpen nabarmendu ditu: "Zuzendaritzak seigarren gauari uko egitea, igoera ekonomiko garrantzitsuak izatea, egungo malgutasuna hobetzea, errelebo kontratuak areagotzea eta 55 urte baino gehiago dutenek errotazio zailenak egin behar ez izatea". Gogoratu du, gainera, enpresak jakinarazi zuela akordio horrek 1.200 milioiko inbertsioa ekarriko zuela instalazioak modernizatzeko eta ekoizpen-ahalmena bikoizteko.

Ildo beretik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriarentzat "albiste bikaina" dela nabarmendu du sare sozialetan. "Urrats handia da hiriko etorkizun ekonomikorako funtsezko inbertsioa bermatzeko". Gainera, esker oneko hitzak izan ditu eta zorionak eman dizkie prozesu luzean murgilduta izan diren aldeei: "Zorionak langileei, zuzendaritzari eta sindikatuei".

Enpresa eta langileak ere zoriondu ditu akordioagatik Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, eta parte-hartze handia nabarmendu nahi izan du. "Egindako erantzukizunaren balioa azpimarratu nahi dut. Araban eta Arabatik lanean jarraituko dugu lurralde lehiakor bat lortze aldera". Haren ustez, Arabako "ekonomiaren geroa sendotzen" du langileek aurreakordioari emandako babesak. "Etorkizunera begira, eta egungo ziurgabetasun-garai hauek aintzat hartuta, etorkizun baikor baterako bidea azaltzen digute".

"Ez da nahikoa"

ELA sindikatua, bere aldetik, pozik agertu da egoera honetara "enpresak eta bere aliatuek nahiko zuketena baino egoera hobean" iritsi delako, eta hori langileen mobilizazioari esker izan dela nabarmendu du. Sindikatuak, halaber, hitzarmenaren aurka bozkatu duten tailerreko langileak zoriondu ditu. "Emaitzak azken asteetan adierazi dena adierazten duelako: ez da nahikoa seigarren gaua kentzea lortu izana, ez da nahikoa hitzartutako igoera". Tailerreko 1.807 langilek hitzarmenaren aurka bozkatu dutela gogoratu du ELAk. "Datu hori garrantzitsua da, hitzarmena eurei aplikatuko baitzaie. Enpresa honek dituen irabazien araberako igoera merezi du plantillak, eta, gutxienez, KPIa".

Galdeketari dagokionez, berriz, hainbat arrazoirengatik ez dela "ongi" egin adierazi dute sindikatutik: "Zuzendaritzak parte hartu duelako, langile guztien artean langileen zati bati bakarrik eragiten dioten baldintzak bozkatu direlako, enpresak erabilitako beldurraren diskurtsoa legitmatu delako...". Azaldu dute ELAren asmoa ez dela zalantzan jartzea langileen borondatea, "baizik eta borrokaldi honetan lortutakoari merezi duen balioa ematea".

ELA, LAB eta ESK sindikatuek plazaratutako oharraren arabera, lan baldintzak okertuko ditu akordio berriak, langileek erosteko ahalmena galtzen jarraituko baitute. "Horretaz gain, beste eskakizun batzuk ere gelditu dira kolokan: txanda kontratuak hobetzea edota langile berrien eta finkoen artean bereizketarik ez egiteko bermeak ezartzea, adibidez".

Boto kopuruak

  BAI EZ ZURI GUZTIRA Baliogabea Errolda
Bulegoak 502 52 2 556 6 640
Boto elektronikoa 460 80 0 540 0 574
Hasierako muntaketa 271 411 1 683 4 721
Pintura 276 291 2 569 4 603
Bukaerako muntaketa 1092 1105 9 2206 13 2298
Tailerra guztira 1639 1807 12 3458 13 3622
GUZTIRA 2601 1939 14 4554 19 4836

Iturria: ELA sindikatuak sareetan argitaratu du boto kopuruaren xehetasuna.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago