Aurreakordioa sinatu dute Mercedesen, hiru greba egunen atarian

Erredakzioa 2022ko uzt. 12a, 19:00

Mercedeseko langileen mobilizazioa, joan den asteko greba egunetako batean. / ALEA

Zortzi orduko bileraren ostean aurreakordioa sinatu dute UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek Mercedesen. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ez dute akordioa babestu, eta aste honetako hiru greba egunei eutsi diete.

Plantillaren %95 ingururen jarraipena izan duten sei greba egunen ondoren eta negoziazioen blokeoaren ostean, Mercedeseko sindikatuek eta zuzendaritzak gaur berrartu dituzte hitzarmen berriaren inguruko elkarrizketak.

09:30ean hasi da bilera, eta zortzi orduz luzatu da, baina azkenean hitzarmen berrirako aurreakordioa sinatu du gehiengo sindikalak (UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuak — enpresa batzordearen %55) zuzendaritzarekin. Zuzendaritzak seigarren gaua —gaueko txandan sei gau jarraian, igandean hasita— ezartzeko asmoari uko egitea izan da akordioaren elementu nagusia.

Beren aldetik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek —enpresa batzordearen %45— ez dute akordioarekin bat egin, eta aste honetarako deitutako hiru greba egunei eutsi diete: asteazkenerako, ostegunerako eta ostiralerako deituta daude lanuzteak; eta asteazkeneko 10:00etan langileen batzarra egingo dute Buesa Arenako kupulan. "Enpresak plantillaren eskaerei erantzun gabe eta erosahalmena bermatu gabe jarraitzen du", kritikatu dute euskal sindikatuek.

Aurreakordioa

Honako hauek dira akordioaren elementu nagusiak:

  • Zuzendaritzak seigarren gauari uko egin dio.
  • 500 euroko ordainsari ez-finkagarri bat hitzarmena sinatzean.
  • 4.000 euroko ordainsari ez-finkagarri bat (2021 urtekoa).
  • %6ko soldata igoera finkatua.
  • Urteko %2,25eko igoerak 2023-2026 aldirako.
  • Urtean 1.000 euroko eraldaketa ordainsari berri bat (irailero).
  • Helburuekin baldintzatutako bi ordainsari: urtean 2.250 euro arte hainbat adierazleren arabera, eta urtean 500 euro 200.000 ibilgailuko ekoizpena gaindituz gero.
  • Larunbateko txandak hilabetea amaitu baino hamar egun lehenago abisatuko dira.
  • 250 pertsona baino gehiagoren erretiroa, txanda-kontratuen bidez.
  • Aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea; horietako 150 hitzarmena sinatzen denean.

Orain, Gasteizko Mercedeseko fabrikako langileek berretsi beharko dute aurreakordioa, astelehenean, uztailaren 18an, deituko den erreferendum baten bitartez.

Desadostasun nagusia: KPIa

Sindikatuen eskakizun nagusiak KPIaren araberako soldata igoerak eta seigarren gaua ez ezartzea izanik, ostiralean, seigarren gaua ezartzeari uko egin zion zuzendaritzak, ostegunean etendako negoziazioa berrartzeko asmoz.

Zuzendaritzaren iragarpena ezagutu ostean, ELA, LAB eta ESK sindikatuen blokeak (enpresa batzordearen %45) ohartarazi zuen gaurko bileran "aurrerapauso nabarmenik" ez bazegoen ez zutela aste honetarako deitutako grebak bertan behera utziko. Beraz, oraingoz, asteazken, ostegun eta ostiraleko lanuzteek mahai gainean jarraitzen dute.

Hiru euskal sindikatuen desadostasun nagusia KPIaren araberako soldata igoerei dagokie: "Enpresak oraindik ez du bermatzen langileen erosteko ahalmena, diru ez-finkagarri gehiago eta igoera finkoan dezimaren bat eskaini du, berrikuspenik gabe eta %0-ko igoera 2021erako. Hitzarmena sinatzean kopuru handiak saldu nahi dizkigute, eta horrek galera handiagoa ekarriko digu", kritikatu dute.

Horrez gain, salatu dute errelebo-kontratuen aferak azken eskaintzan bezala jarraitzen duela, eta V Ereduari dagokionez diskriminazioa murriztu dela, baina "existitzen jarraitzen" duela. Azkenik, deitoratu dute zuzendaritzak ez duela asteburuetako eta jaiegunetako baldintzei buruz hitz egin nahi izan.  

Hiru egun horiekin, dagoeneko bederatzi greba egun izango lirateke. Mercedesen azken bi hamarkadetan bizitako greba ziklorik handiena izaten ari da, eta, horren ondorioz, 3.500 furgoneta inguru ekoizteari utzi dio Arabako fabrikarik handienak —5.000 enplegu zuzen inguru—.

Testuinguru horretan, enpresak 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du. Lan gatazkaren konponbidea lortu ezean, inbertsioa eta fabrikaren etorkizuna bera jokoan egon liteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago