UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak hitzarmen berrirako aurreakordioa sinatu zuen atzo Mercedeseko zuzendaritzarekin, zortzi orduko bilera luze baten ostean. ELA, LAB eta ESK sindikatuek ez dute akordioa babestu, eta aste honetan asteazkenerako, ostegunerako eta ostiralerako hiru greba egunei eutsi diete.
Plantillaren erantzuna masiboa izan da berriz ere, gehiengo sindikalak sinatutako aurreakordioari uko eginez: lanuzteak tailerreko langileen %95eko jarraipena lortu eta ekoizpena erabat gelditu du, zazpigarren aldiz azken hiru asteetan; enpresaren arabera, jarraipena %80koa izan da.
Goizeko piketeen ostean, 10:00etan langileen batzarra egin dute Buesa Arenako kupulan. Tenperatura altuak direla eta, sindikatuek ez dute mobilizaziorik deitu arratsalderako.
Datorren astelehenean, uztailaren 18an, langileek erreferendum bidez berretsi beharko dute gehiengo sindikalak sinatutako aurreakordioa. Gaur egun, 4.600 langile inguru daude Gasteizko Mercedesen: horietako 3.800 tailerreko langileak dira, eta beste 800 inguru bulegokoak. Oraingoz, ELA, LAB eta ESKk ezezkoa emateko dei egin dute.
๐ฃ7 día de Huelga โ
— ELA.Dhl-Mercedes (@ElaDhl) July 13, 2022
โ๐พSe tumba la 6ª Noche y la plantilla pelea por el IPC
๐ช๐ฝLos torpederos de la Huelga no consiguen poner en marcha las líneas๐ ๏ธ Líneas paradas ๐ ๏ธ pic.twitter.com/FyL13RpmoN
Aurreakordioa
Astearte honetan, Mercedeseko sindikatuek eta zuzendaritzak hitzarmen berriaren inguruko elkarrizketak berrartu zituzten. Zortzi orduko bileraren ostean, aurreakordioa sinatu zuten UGT, CCOO, PIM eta Ekintza sindikatuek (enpresa batzordearen %55). Akordioaren elementu nagusia zuzendaritzak seigarren gaua ezartzeko asmoari uko egitea izan da —gaueko txandan sei gau jarraian, igandean hasita—.
Beren aldetik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek —enpresa batzordearen %45— ez dute akordioarekin bat egin. "Enpresak plantillaren eskaerei erantzun gabe eta erosahalmena bermatu gabe jarraitzen du", kritikatu dute euskal sindikatuek.
Honako hauek dira akordioaren elementu nagusiak:
- Zuzendaritzak seigarren gauari uko egin dio.
- 500 euroko ordainsari ez-finkagarri bat hitzarmena sinatzean.
- 4.000 euroko ordainsari ez-finkagarri bat (2021 urtekoa).
- %6ko soldata igoera finkatua.
- Urteko %2,25eko igoerak 2023-2026 aldirako.
- Urtean 1.000 euroko eraldaketa ordainsari berri bat (irailero).
- Helburuekin baldintzatutako bi ordainsari: urtean 2.250 euro arte hainbat adierazleren arabera, eta urtean 500 euro 200.000 ibilgailuko ekoizpena gaindituz gero.
- Larunbateko txandak hilabetea amaitu baino hamar egun lehenago abisatuko dira.
- 250 pertsona baino gehiagoren erretiroa, txanda-kontratuen bidez.
- Aldi baterako 400 kontratu mugagabe bihurtzea; horietako 150 hitzarmena sinatzen denean.
Desadostasun nagusia: KPIa
Sindikatuen eskakizun nagusiak KPIaren araberako soldata igoerak eta seigarren gaua ez ezartzea izanik, ostiralean, seigarren gaua ezartzeari uko egin zion zuzendaritzak, ostegunean etendako negoziazioa berrartzeko asmoz.
Hiru euskal sindikatuen aurreakordioarekiko desadostasun nagusia KPIaren araberako soldata igoerei dagokie: "Enpresak oraindik ez du bermatzen langileen erosteko ahalmena, diru ez-finkagarri gehiago eta igoera finkoan dezimaren bat eskaini du, berrikuspenik gabe eta %0-ko igoera 2021erako. Hitzarmena sinatzean kopuru handiak saldu nahi dizkigute, eta horrek galera handiagoa ekarriko digu", kritikatu dute.
Horrez gain, salatu dute errelebo-kontratuen aferak azken eskaintzan bezala jarraitzen duela, eta V Ereduari dagokionez diskriminazioa murriztu dela, baina "existitzen jarraitzen" duela. Azkenik, deitoratu dute zuzendaritzak ez duela asteburuetako eta jaiegunetako baldintzei buruz hitz egin nahi izan.
Greba mantentzen dugu!
— ELA Arabako Metala (@ArabakoElaMetal) July 12, 2022
Seguimos con la huelga!
๐๐๐๐๐๐๐#MercedesEnLucha pic.twitter.com/YaFF8QkVHP
Hiru egun horiekin, dagoeneko bederatzi greba egun izango lirateke. Mercedesen azken bi hamarkadetan bizitako greba ziklorik handiena izaten ari da, eta, horren ondorioz, 3.500 furgoneta inguru ekoizteari utzi dio Arabako fabrikarik handienak —5.000 enplegu zuzen inguru—.
Testuinguru horretan, enpresak 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri du. Lan gatazkaren konponbidea lortu ezean, inbertsioa eta fabrikaren etorkizuna bera jokoan egon liteke.