Asterixek behin baino gehiagotan ohartarazi zuen erromatar zoro horien aurkako abentura desberdinetan: kontu bat baino ez omen zegoen galiar adoretsua kikiltzen zuena, eta hori, zen hain justu, zerua buru gainera amiltzeko arriskua. Ez da kontu hutsala. Jakin badakigu dinosauroei zerua gainean erori zitzaiela. Berez, hamar kilometro inguruko zeru zati bat izan zen, baina, emaitzei dagokienez, zeru osoa erortzearen parekoa izan zen. Hori gutxi balitz, ondoren sortutako hautsak, literalki, zerua hainbat urtez guztiz desagerrarazi zuen. Lurpean egon beharrean, infernua zeruetara igo zen, bere adierazpenik gordinenean.
Botila erdi betera ikusten duen horietako batek esango luke dinosauroek ez zeukatela espazio programarik. Guk bai; jakina. Botila erdi hutsik ikusten duen beste batek erantzungo luke planeta-defentsari dagokionez XXI. mendeko gizateriaren eta dinosauroen egoera, praktikari begira, ia-ia berdinetan dagoela. Une honetan, gai gara Lurretik gertu igarotzen diren objektu ugariri jarraipen zehatza egiteko, baina bihar bertan horietako erraldoi baten jomugan gaudela konturatuko bagina, ezer gutxi egin genezake apokalipsia ekiditeko. Hori bai, Tik Token dantza alaiak ikusten eman genitzake bizitzaren azken urteak. Buzz Aldrin astronautak duela hainbat urte ohartarazi zuen: "Zin egin zenidaten Marten koloniak izango genituela, baina, horren ordez, Facebook eman didazue".
"Objektu arriskutsuak atzeman eta horiek desbideratu ahal izateko sistema bat garatu behar du gizateriak", ohartarazi du Jose Vicente Casadok. Meteoritoen gaineko lilura du gaztetatik Casadok, eta zaletasuna zena lanbide bihurtzea lortu zuen aspaldi: meteorito ehiztaria da gaur egun, eta litos.net dendaren arduraduna.
Casadorena da Arabako Natura Zientzien Museoan ireki duten erakusketa baten bildumaren zati handiena. Urtez urte, bilduma garrantzitsua egin du, bai azoketan erosita edota meteoritoen bila egindako espedizioetan. Bilduma horren lagina Arabara iritsi izana museoaren zuzendari Jesus Alonsorekin aspalditik izandako harreman estuaren ondorioa da. "Egunen batean, norbaitek zinez eskertu beharko du Jesusek eta haren taldeak egindako lan eskerga", aldarrikatu du Casadok. "Lurraren zientzien alorrean, penintsula osoaren benetako Noeren arka bat da Araban egiten ari direna". Tamalez, "zientziak gutxi saltzen duelako" kexu mintzo da aditua. "Pixontzien edo arte garaikideko museo bat izango balitz, seguruenera diru andana izango lukete".
Ehun tona egunero
Egiari zor, zeru asko erortzen zaigu buru gainera, baina, gehienetan ez gara horretaz jakitun. Adituak azaldu duenez, batez bestean, eguneko ehun bat tona erortzen dira Lurrera, baina horietatik asko hauts baino ez dira. Horietako partikula baten tamainaren arabera, atmosferan erretzen da. Gau ilun batean halako bat ikusten badugu, desio bat eskatzeko unea omen da: izar iheskortzat hartzen dugu. Baina badira zati ugari ere zorura iristen direnak, eta horien bila abiatzen da Casado, aukera duenean. Horretarako, basamortuetara jo ohi du. "Bertan askoz errazagoa da meteoritoak topatzea, ez landarerik ez bestelako antzeko faktorerik ez dagoelako". Meteorito horiek tamaina eta osaketa oso desberdinekoak izan daitezke, eta asko ikasten da horiei esker. Aintzat hartu behar da geologikoki aktibo dagoen Lur planetan materialak etengabean berritzen direla, plaka tektonikaren ondorioz. Arrazoi horregatik, geologoek gehienez 3.000 milioi urte dituzten arrokak ikertu ditzakete.
Meteoritoek eraldatu ez den jatorrizko materiala ikertzeko aukera ematen dute, horietako asko Eguzki Sistemaren osaketaren oinarrizko adreilu izan diren materialetatik datozelako: gehien bat, asteroideetatik.
Baina batzuetan gerta daiteke objektu batek planeta edo ilargi baten kontra talka egitea, eta, ondorioz, horren zati bat askatzea. Arroka hori ondoren Lurrean eroriz gero, toki urrun horietatik eskuratutako lagin pribilegiatu bat opari gisa jaso dezakegu. Gasteizko erakusketan ere halako objektuen laginak daude ikusgai: Vestan, Marten edota Ilargian jatorria izan duten arrokak, hain justu. Baina zer neurriraino egon gaitezke ziur bertakoak direla? Alor horretan inolako zalantzarik ez dagoela azaldu du adituak. "Ea, kontua ez da soilik Vestakoa dela dakigula. Kontua da jakin badakigula Vestako zein partekoa den. Marteko meteoritoaren kasuan, Kaliforniako unibertsitateak egindako ikerketa bati esker, susmoa dugu 25-30 kilometroko sakontasunetik datorrela". Hortaz, aspaldian meteorito baten talkak Marten eragindako zulo handiari esker, sakonera horren lagin bat iritsi zaigu Lurrera. Eta hori abantaila handia da, noski. Martera bidali ditugun robotek zentimetro batzuk baino ez dute zulatu, eta, Lurrean bertan, 11 kilometro inguru zulatzea baino ez da lortu.
"Asteroide bat desbideratzeko, eztandarena ez da modurik onena" . JOSE VICENTE CASADO
Beraz, oraingoan ere, testuingurua funtsezkoa da erakusketa batean ikusten denaren inguruan taxuzko irudi bat osatzeko. Bisitariak pentsa dezake Gasteizko museoan aurrean duen harri hori harri berezi bat besterik ez dela, ala pentsa dezake ere atzamar puntaren zentimetro eskas batzuetara Marteren zati bat duela. Perspektiba kontua, noski.
Seguru aski horregatik, unibertsoaren mirariaz jakitun direnek mantentzen dute objektu berezi horiekiko lilura. Baina hau ez da gaur egungo kontu soila, noski. Beste garai eta testuinguru jakin batzuetan, meteoritoek antzeko lilura eragin dute gizakien artean. Ez zen erraza izan behar zerutik eroritako argi eta harri horiek jainkoen mezularitzat ez jotzea. "Haria jarraitzen duzunean, konturatzen zara harreman handia dagoela harri berezi hauen eta mota guztietako sinesmenen artean", azaldu du meteorito zaleak. Sinesmen hutsez gain, jainkoen opari horiek oso praktikoak ziren artean metalurgia garatu ez zen garaietan. "Lurrean burdina ia beti oxigenoarekin nahastuta dago, eta, beraz, burdina soilik lortu zen lehen labe handiak asmatu zirenean". Ordura arte, meteoritoetan baino ez zen lortzen metal puru hori, erakusketan bertan jarri duten Egiptoko daga zeremonial baten erreplikaren bitartez erakutsi nahi izan dutenez. "Pentsa ezazu nondik datorren siderurgia: siderala, izarretakoa". Baina hori ez da, inolaz ere, lotura bakarra. "Sinetsita nago ama birjinaren agerpen batzuk meteoritoetan abiatu zirela; gerrak ere sortu dira horien kariaz, eta Erromako enperadoreei lotuta ere egon ziren, besteak beste". Musulmanek gurtzen duten kaabari dagokionez, adituak azaldu du litekeena dela tektita bat izatea, meteoritoa baino. Meteorito baten talkak harea urtzen duenean sortzen dira tektitak.
Espazio meatzaritza
Meteorito gehienak asteroideetatik datoz, eta etorkizunean bertan meatzaritza egiteko aukera gero eta gehiago aipatzen ari da. Gaiaren bueltan hainbat enpresa eratu badira ere, Casadok ez du uste epe labur batean bederen aukera hori gauzatuko denik. "Hemendik gutxira metalen erabilera asko murriztuko da, horiek ordezkatzeko gai diren material berriak sortzen ari direlako. Bestetik, halako meatzaritza bat egitea guztiz konplikatua litzateke".
Dinosauroen patua jarraitu nahi ez badugu bederen, agerikoa da indarrak asteroideak atzeman eta desbideratzeko misioetan jarri beharko direla; meteoritoak bakarrik bildumetan eta erakusketetan goza ditzagun. NASAren DART misioa izango da norabide horretan egindako lehen esperimentu xumea. Irailaren 26an saiatuko da, aurrenekoz, asteroide bat pittin bat desbideratzen, baina bide luzea dago oraindik benetan erabilgarria izango den planeta-defentsa bat eskuratzeko ahaleginean. "Modu asko egon daitezke asteroide bat desbideratzeko, baina filmetan agertzen diren eztanda handiak erabiltzea ez da, inolaz ere, modu logikoena". Besteak beste, Eguzkiaren erradiazioak asteroidean duen eragina gure onerako baliatzea da gehien aztertzen ari den aukera bat, horren arabera orbita mugiarazi daitekeelako. Baina, horretarako, diru asko eta belaunaldien arteko ahaleginak beharko dira.
Aurrekariak badaude, ahaleginari dagokionez: duela hainbat mende gizakia gai izan zen belaunaldi bat baino gehiagoren lana eskatzen zuten katedralak eraikitzeko. Zalantza da bere liderrak lau urtetan behin aukeratzen dituen gizarte batek perspektiba nahikoa izango ote duen halako erronka bati ekiteko. Bestela, deskuiduan, akabatuko gaituen asteroidea atzean dugula atera ahalko dugu selfieren bat. Ezetz asmatu zenbat atsegite lortuko dituen.